Larrialdi klimatikoarekin bat egin du Udalak

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 13a, 08:19

Klima aldaketa dela-eta konpromiso handiagoak hartzea adostu zuen udalbatzak eguaztenean egindako osoko bilkuran. Horrez gain, kreditu aldaketa bat ere onartu zuten, besteak beste, hainbat eraikinetan segurtasun kamerak jartzeko dirua izateko.

Opor osteko lehenengo ohiko osoko bilkura egin zuen udalbatzak eguaztenean, eta, besteak beste, larrialdi klimatikoa izan zuten mahai gainean, EH Bilduk aurkeztutako mozio bat tarteko.

"2018ko azaroan Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenak egoera larria dela ohartarazten du", adierazi zuen EH Bilduk mozio bidez, eta eraldaketa "azkar eta eraginkorrak" egitea ezinbestekotzat jo zuen, baita Aretxabaletan ere.

Udalaren hiru eraikinetan jarri dute fokua eta 2018ko energia kontsumoa eta gastua aztertu dituzte: Arkupe: argindarra 151.020 kWh eta 44.000 euro, eta gasa, 6.867 euro; Kurtzebarri eskola: argindarra 129.348 kWh eta 21.000 euro, eta gasa, 12.364 euro; eta Ibarra kiroldegia, argindarra, 831.779 kWh eta 118.000 euro eta gasa, 69.600 euro. "Kontsumo handia dute hirurek eta lehentasunezko ekintzak behar dituzte", zioen Ion Albizu bozeramaileak. Hori horrela, proposatu zuten bat egitea klima larrialdi egoerarekin eta konpromisoak hartzea, besteak beste politika eraginkorrak garatzeko neurriak hartzea.

Urtebeteko epean Arkupen, Kurtzebarri eskolan eta Ibarra kiroldegian auditoria energetikoak egitea onartu zuten, eta konpromisoa hartu hiru eraikin horietan, hiru hilabeteren barruan, eguzki plakak jartzeko proposamen tekniko eta ekonomikoak eskatzea. Herritarrekin eta adituekin Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea osatzea ere adostu zuten. Era berean, irailaren 27rako deitutako nazioarteko greba deialdia eta antzeko neurriak begi onez ikusten dituela adierazi zuten gehiengo osoz.

Segurtasun kamerentzat dirua

Kreditu aldaketa bat ere onartu zuten dirua sartzeko hainbat partidetan. Kopururik handiena kreditu globalera bideratu zuten, 200.000 euro, gero hortik hainbat kontutara banatzeko. Ongizate Sailean dagoen familia esku-hartze programan 10.000 euro sartuko dituzte, aurretik zegoen 32.000 euroko partida indartzeko. Eta segurtasun kamerak jartzeko ere dirua gorde zuten.
Iturrigorri pilotalekuan, Ibarra futbol zelaian eta mojen komentuan jarriko dituzte kamera horiek, eta horretara 9.750 euro
bideratzea adostu zuten.

Hirigintza teknikari postua

Udal lanpostuei dagokienez, hirigintza teknikari postu finkoa aterako dela jakinarazi zuen alkateak, eta aurrerago, Arkupeko harrerakoa ere bai. Liburutegian hutsik geratutako postua betetzeko lan-poltsa osatuko dela ere esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak