Tomatea oinarri hartuta aste osoko egitaraua aurkeztu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko ira. 12a, 10:08
Aurkezpenen ekitaldia: Agurtzane Diaz, Ana Heriz, Ainhoa Cabero eta Inma Miguel.

Aretxabaletako Tomatearen laugarren astea egingo dute irailaren 16tik 21era bitartean. Bertako produktuak oinarri hartuta "gastronomia turismoa" bultzatu nahi dute. Hitzaldiak, haurrentzako tailerrak eta lehiaketak egingo dituzte.

Irailaren 16tik 21era bitartean egingo dute Aretxabaletako Tomatearen astea. "Gastronomia turismoa bultzatzeko antolatzen den jardunaldia da, eta oinarria Aretxabaletako tomatea izango da", azaldu du Ainhoa Cabero kultura zinegotziak.

Tomatea izango da protagonista nagusia eta horren bueltan hainbat ekintza egingo dituzte.

'Gure tomatearen onurak' hitzaldia

Irailaren 17a: hitzaldi dastatzea egingo dute Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistaren eskutik, Arkupen 18:30ean. "Tomatearen onuren berri emango digu hitzaldian", dio Caberok.

Irailaren 18an haurrendako tailerra egingo dira, "haurrek bertako produktuak ezagutu eta tomatearen onurak ezagutu dezaten".

Irailaren 19an, haziak lortzeko tailerra, Arkupen 18:30ean.

Azoka berezia

Irailaren 21a izango da egun handia. Tomatearen inguruko bigarren azoka berezia egingo dute Durana kalean, 11:00etan. 20 postu jarriko dituzte, era guztietako barazkiekin. "Ekoizle gehienak Aretxabaletakoak izango dira, eta gehienek Aretxabaletako tomatea ekoizten dute", azaldu du Agurtzane Diaz Deba Garaia landa garapenerako teknikariak.

11:30ean Marc Badalen eskutik tailer berezia: haziak aterako dituzte denon artean, Duranan.

Tomate erakusketa herrikoia

12:00etan tomate erakusketa herrikoia egingo dute. Edonork parte har dezake, aurrez izena emanda. Bi sariketa egongo dira: tomate itsusiarena eta tomate mota gehien aurkezten duenarena. Tomate itsusienaren saria herritarrek emango dute, egunean bertan boto bitartez.

12:00etan tomate sopa hotzen eta tomatearekin egindako hanburgesa dastatzea. Sopa hotzak gastronomia elkarteek prestatuko dituzte, eta gainera lehiaketa izango da. Izena emateko aukera dute oraindik ere gastronomia elkarteek –eguaztenera arte–. 

14:00etan sari banaketa: ortu lehiaketako, tomate sopa hotzaren lehiaketako eta tomate erakusketa herrikoiko sari banaketak egingo dituzte.

Pintxo ibilbidea

Aretxabaletako tabernetan pintxo ibilbide bat izango da, eta pintxo guztien oinarria tomatea izango da, gainera. Taberna bakoitzak jarriko du bere prezioa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak