Ixadebalde azoka egubakoitzean eta zapatuan, mauka ederrekin

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 4a, 14:38

Hemeretzigarrenez egingo du Aretxarte merkatarien elkarteak Ixadebalde azoka. Mojen komentuan elkartuko dira egubakoitzean, egun guztian –10:00-14:00 eta 16:30-20:30– eta zapatuan goiz partean – 10:00-14:00–. Egubakoitz iluntzea girotzeko, gainera, Alberdi eta Zangitu DJen laguntza izango dute.

Sei merkatarik jarriko dituzte postuak eta aurtengo udaberri, uda sasoiko eta iazko neguko generoa eskaini. Guztiak dira arropa eta zapata dendak; hona hemen: Asensio, Belar Meta, Haurrak, Kilima, Titare eta Tak. Umeendako, gazteendako zein helduendako arropak izango dituzte aukeran baita barruko arropak, zapiak, poltsak eta gainerako osagarriak, oinetakoak eta beste hainbat kontu.

Sei postu izango dira: Asensio, Belar Meta, Haurrak, Kilima, Titare eta Tak 

"Postu bat gutxiago izango da aurten, eta horren ondorioz leku zabalagoa izango dute begiratzera eta erostera datozenek", jakinarazi du Meritxell Serratok, azokaren arduradunetako batek. Aldagela bat ere egokituko dute bertan, ispiluarekin, arropak probatu gura dituenarendako. "Sekula baino mauka gehiago izango dira, eta kalitatea bermatuta dago, beti ere zerbitzurik onenarekin; horretan ahalegintzen gara behintzat merkatariok. Zalantza barik herritarrak gerturatzera animatuko nituzke", gaineratu du Serratok.

Bonuen zozketa

Ohitura duten legez herritarrak saritzen ere ahaleginduko dira Aretxarteko kideak. Hala, 50 euroko sei bonu zozketatuko dituzte zapatuan, azokatik pasatzen diren bezeroen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak