Aho zapore gozoa utzi dute Andramaixek

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 3a, 14:17

Udaleko Kultura Saileko kideak zein txosna-guneko ekitaldiak antolatu dituzten Atxabaltako Gazte Mugimendukoak pozik agertu dira Andramari jaiek emandakoarekin.

"Giro oso ona egon da, jendeak gozatu egin du eta oso pozik gaude", adierazi du Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak. Horren adibide aipatu ditu egindako aldaketek izan duten harrera beroa: "Profesionalen arteko pilota partiduak gauetik arratsaldera pasatu izana eskertu digute. Eta abuztuaren 17ko vermouth dantzaldiak jendetza elkartu zuen Mitarte kalean; halako gehiago antolatzeko eskaera ere egin digute, nagusiendako ekitaldiak ez direlako asko izaten". 

Onartu du lehenengo egunetan ez zela jende askorik ibili: "Ezin da jakin herritarrek zer egingo duten eta zaila da asmatzea. Dena den, abuztuaren 16an, eta bereziki 17an, jendetza elkartu zen ekitaldietan". Haurren Egunarekin oso pozik agertu da "arrakasta handia" izan duelako beste behin, eta gaineratu du gaztetxoek ere gustura jardun zutela barraka inguruan, aurten lehenengoz etorri diren autotxokeetan.

Hobetzekoak

Hobetzekoen artean kontu bi aipatu gura izan ditu. Batetik, ur-jolasetan hainbat umek izandako erredurak joko berri baten ondorioz, eta "hori ez da berriro ekarriko". Eta bestetik, herri bazkaria: "Urteroko kontua da. Hainbat herritarrek behar baino paella plater gehiago hartzen dituzte eta gero beste batzuek barik geratzen dira; eta paella hori, gainera, zaborrontzira joaten da. Zelan konpondu pentsatzen gabiltza, behar bada tiket sistemaren bat jarrita".

Tristura ere agertu du: "Tiritirantes konpainiako munstroetako bat apurtu egin zen, gaztetxo batzuk zintzilikatu egin zirelako haren lepotik. Horrek tentsioa eragin zuen. Kezkagarria da beti, errespetu falta". 

Txosna-guneko ekitaldiak arrakastatsuak

Atxabaltako Gazte Mugimenduko kideak ere pozik agertu dira jaiokin: "Aretxabaletako gazteon ilusio eta indarrari esker, Andramaixetako egun bakoitza egun oso berezi baten bilakatzea lortu da. Eta hori posible izan da herritarren parte hartzeari esker, asanblada bakoitzean parte hartu duten pertsonengandik hasi, egitarauko protagonista bihurtu direnengandik pasa eta egunero txosna-gunea koloreztatu duten norbanakoetaraino. Guztiek sortu dute txosna-gune indartsu bat  herriaren erdigunean".

(H)ari ginen, (h)ari gara leloari jarraiki antolatu zituzten ekitaldiak, eta horri helduta, hurrengo hitzordua ere iragarri dute: "Gazteok indar horren guztiaren bulkada jaso, hariari heldu eta tiraka jarraituko dugu. Horrela, hurrengo topagunea irailaren 21ean izango dugu, Gazte Egunean. (H)ari ginelako, (h)ari garelako... Ez dadila haria eten!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak