Aspertzeko asti gutxi egongo da aurtengo Andramaixetan

Txomin Madina Milikua 2019ko uzt. 23a, 19:40

Ainhoa Cabero, Kultura zinegotzia; Unai Elkoro alkatea; eta Inma Miguel, Kultura teknikaria, gaur egin duten aurkezpenean.

Pilota partiduen ordutegi aldaketa da aurtengo Andramaixetako berrikuntza nagusienetakoa, 17:30ean izango direlako. Gaur egin dute egitarauaren aurkezpena, eta bertan iragarri dute Oihana Aldai izango dela pregoia irakurri eta txupinazoa botako duena.

Urtero moduan, abuztua erdialdera ospatuko dituzte aretxabaletarrek herriko jaiak, Andramaixak, eta gaur aurkeztu dute egitaraua udal ordezkariek. Ekintzak antolatzeko orduan adin guztiak aintzat hartu dituztela esan dute, eta iragarri dute aurten, pregoia irakurtzea eta txupinazoa botatzea, Oihana Aldai futbol jokalariak egingo duela. Andra Mari Egunaren bezperan, abuztuaren 14an eta 19:00etan izango da hori,

Era berean, uztailaren 16an izango den Haurren Egunean, Beñat Zubizarretak eta Janire Iglesiasek, hurrenez hurren alkate eta alkateorde txikiak, irakurriko dute pregoia.

Berrikuntzak

Berrikuntzen artean, bi azpimarratu dituzte. Batetik, abuztuaren 16ko profesionalen arteko pilota partiduak orain arte bezala gauez izan beharrean, 17:30ean izango dira. Lau eta erdikoan, Arteaga eta Bakaikoa ariko dira nor baino nor gehiago. Eskuz binakakoan, aldiz, Bengoetxea VI.ak eta Arangurenek Victor eta Aretxabaletaren kontra jokatuko dute. 10 euro balioko du sarrerak.

Bestetik, abuztuaren 17an, betiko txaranga egon beharrean, dantzaldia izango da 12:30ean Arantxa eta Pantxorekin.

Kontzertuak eta ikuskizunak

Bestelako ekitaldiei dagokionez, abuztuaren 14an Tirititirantes taldeak kaleetan eskainiko duen Ulterior, bidaia ikuskizuna azpimarratu dute, besteak beste, bost metroko figurak erabiltzen dituztelako. Musikarik ere ez da faltako: abuztuaren 15ean, esaterako, Kadizko La Mare bakarlariak eta The Potes arrasatearrek emango dute kontzertua Herriko Plazan; eta abuztuaren 16a, Roba Estesa kataluniarrek eta McOnak bizkaitarrek.

Jaiek, denera, 87.486,15 euroko aurrekontua izango dute, eta Unai Elkoro alkateak herritarrak parte hartzera eta errespetuz jaiez gozatzera animatu ditu. Era berean, eskerrak eman dizkiete jaiak antolatzen lagundu duten elkarte eta herritarrei.

Txosnagunea

Txosnetako egitaraua, bestalde,  abuztuaren 13an hasiko da, besteak beste, 20:00 izango den pregoiarekin eta Kilimak, Delirium, Txerrikumiak eta Jasan-en emanaldiekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak