Ilusiorik egiten dizu herriko jaietako txupina botatzeak?
Bai, bai. Ez nuen inondik inora espero eta deia jaso nuenean baietza eman nuen bi aldiz pentsatu gabe; norberarekin akordatu izanak jaietarako horixe egiten duela ilusioa!
Aurrez gertatuko duzu pregoia edo balkoira igotakoan burura datorkizuna botako duzu?
Seguru asko zerbait eramango dut aurretik gertatuta, kontu zehatzen bat esan gurako dudalako, eta hori gertatuta eramatea hobe. Baina ez naiz luzatuko; herritarrak jaietan murgiltzeko gogotsu egongo dira eta…
Une horretan baten batekin akordatuko zara?
Ez dakit… Oraindik ondo pentsatu barik daukat, baina seguru asko akordatuko naiz baten batekin, bai. Zerbait badut pentsatuta baina ez idatzita. Emakumeen inguruko zerbait izango da, seguru asko.
Andramaixak gustuko dituzu edo beste jai batzuk gurago?
Andramaixak herriko jairik handienak izan dira beti, eta abuztuan…; egia da askotan ez dudala izan bertan egoteko aukerarik, baina ahal izan dudan guztietan hartu dut parte eta oso gustuko ditut, politenak dira.
Eta zer da jaien barruan gustukoena?
Hilaren hamalaua beti izan da berezia, gazte afariarekin lehenengo eta orain bazkariarekin; polita da gazte guztiok elkarrekin bazkaltzeko elkartzea. Eta gero Kuadrillen Eguna ere polita izaten da; jokoak, sokamuturra, kuadrilla bakoitza bere kamisetarekin... Kolore askoko eguna da.
Eta zeuretako urte polita izaten dabil…
Bai. Erreginaren kopa lortu genuen Realarekin eta horrek ikusgarritasuna eman dio emakumearen kirolari, beste bultzada bat. Orain denboraldi berri bat hasten dut Eibarren eta ilusio handiarekin nago, helburuak lortzeko gogotsu.