Degurixan bizitakoarekin "oso pozik"

Mirari Altube Arrese 2019ko uzt. 22a, 17:55

Gustura agertu dira Loramendi elkarteko Toponimia taldeko kideak asteburuan Degurixara egindako irteerarekin. Hamalau bat herritar izan zituzten lagun zapatuan, baita ardiak eta lainoa ere, baina pozik itzuli dira bizitakoarekin.

"Ibiltzeko oso giro ona izan dugu, baina ikusteko ez hain ona. Urrutira ez zen askorik ikusten, eta adibidez, Aumategi mendira ez ginen igo", azaldu du Julen Abasolo kideak. Sei bat orduko ibilaldiaren ostean, Urzabalgo txabolan pasatu zuten gaua batzuek eta Mitarte Garaikoan besteek: "Poteoan egin genuen hala". 
 
Domekan, AMET Oñatiko espeleologia taldekoen azalpenek girotuta egin zuten mendi buelta: "Haien esperientzien berri eman ziguten eta izugarri ikasi genuen. Oso gustura egon ginen".
 
Abasoloren esanetan, orain arte egindako ibilaldi politenetakoa izan da Degurixakoa, hamaikagarrena hain zuzen ere: "Jende asko ez ginen elkartu, baina oso kopuru egokia izan zen jatorduetarako, esaterako. Gainera, ekarpenak egiteko gertu etorri ziren eta entzundakoarekin gozatu egin zuten, hortaz, halakoekin edonora joan daiteke".

Oso eskertuta

Gustura eta eskertuta agertu dira Toponimia taldekoak, Julen Abasolo eta Gorka Madinabeitia, lagun askok egin duelako bat eurekin. Hona hemen adierazitakoa: "Eskerrak eman nahi dizkiegu AMETeko Esposito eta Jabiri gure ekimena benetan aberastu duzuelako; Urzabalgo Inaziori txabolan eman diguzun aukeragatik; eta nola ez, Degurixako zelaietan lagun izan zaituztegunoi: Andoni, Aitor, Gurutze, Alberdi, Iñaki, Iñigo, Itxaso, Eneko, Aiora, Lur, Alberto, Mila, eta baita tarte baten inguratu zineten Amaia eta Iñigori ere. Zeuongatik ere merezi izan du Loramendiko 11. ibilaldi historiko hau antolatzeak".
 
Argazkiak: Loramendi elkarteko Toponimia taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak