Amaitzear dauden udaleku irekietan, ezin gusturago

Mirari Altube Arrese 2019ko uzt. 18a, 17:02

Urkulun izan dira, auzoetan eta igerilekuan; Galartzan eta Leixargaraten gaua pasatu dute eta Lekaixoka bertso eskolakoekin eta Mendibitzu baserrikoekin mordoa ikasi. Eskulanak egin dituzte, jolasean jardun dute eta zaborra batu ere bai; horiek eta gehiago egin dituzte udaleku irekietan hiru astez, eta gaur, agur esango diete horiei, jolasean eta dantzan eginda.

Ordutegi berriarekin estreinatu zituzten udaleku irekiak eta aldaketa positiboa izan dela adierazi du Jone Ojea koordinatzaileak: "Harrera ona izan du eta ez da inolako arazorik izan. Goizei etekin handiagoa atera diegu, jarduera eta irteera luzeagoak egin ahal izan ditugulako, auzoetara eta inguruetako naturaguneetara, esaterako". 

Arrakasta izan dute, beste behin, gaua pasatzera joan diren irteerek; Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoak Galartzara eta 6. mailakoak Leixargaratera: "Magikoak izaten dira halako gauak, eta benetan gustuko dituzte", dio Ojeak. Leikaxoka bertso eskolakoekin egindako topaketak ere harrera ezin beroagoa izan duela dio: "Arana ahizpek eman zizkieten azalpenak eta bertsolaritzarekin maiteminduta geratu ziren asko".

Taldean agurra eta musika plazan

Bihar, uztailak 19, da azken eguna eta jai giroan pasatuko dute. Lehenengo, jolasak egingo dituzte begiraleek euren artean, eta ondoren (09:30-11:30), talde bakoitzak bere agurra egiteko tartea hartuko du: "Orain arte elkarrekin egindako jaialdiak antolatu izan ditugu, eta gero, ez gara behar bezala agurtu izan hiru astez alboan izan dugunarekin. Horregatik, norbere agurra izango du bakoitzak". 

Bukatzeko (11.30-13:00), musika izango dute Herriko Plazan dantzan egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak