Vicente Cubillo: "Emazteak erakutsi zidan bezero guztiak hartu behar zirela ondo"

Mirari Altube Arrese 2019ko uzt. 5a, 15:00
Vicente Cubillo.

Azken 39 urteak Santa Cruz supermerkatuan pasatu ostean, zapatuan itxi zituen dendako ateak Vicente Cubillok (Baena, 1956).

Azken eguna, zelakoa?

Oso hunkigarria. Aurreskua dantzatzera etorri zitzaizkidan, eta jota geratu nintzen. Ez naiz negar egiten dutenetakoa, baina bat-batean dendan pasatako urte guztiak etorri zitzaizkidan burura; penarik handiena, emaztea ez izatea alboan une hartan.

Denetik izaten zenuen…

Bai, denetik: ogia, fruta, urdaitegikoak, baina baita autoendako gasolioa ere. Horregatik, hutsunea igartzen dutela esaten didate auzokoek: "Edozer falta zitzaigunean salto batean etortzen ginen, denetik izaten zenuenez…" Beti izan ditut aparteko bezeroak, eta egia da, egun, edadekoak direla. Horiek oso fidelak izaten dira, betiere, eurekin ondo portatuz gero; neuri ere alde egin dit batek edo bestek, egindako edo esandako zerbait gustuko ez dutelako izan.

Bezeroarekin tratua bestelakoa izaten da halako denda batean, ala?

Bai, oso gertukoa. Ni beti saiatu izan naiz tratu bera ematen asko erosi izan didanari eta ogi bila bakarrik etortzen zenari. Hori Maribel emazteak erakutsi zidan: "Bezeroa beti ondo hartu, erosi edo ez, aurpegi txarrik sekula ez". Berak esperientzia zuen eta nik beti egiten nion kasu.

Merkataritzaren egoera asko aldatu da urteotan?

Izugarri; sasoi batean, bostek ere lan egiten genuen dendan, ez zegoen saltoki handirik. Ohiturak aldatu egin dira, eta gazteek saltoki handiak gurago dituzte.

Dendaren kargu egingo denik ez duzu topatu?

Pare batek agertu dute interesa, eta horiekin elkartuko naiz; kanpoko jatorrikoak dira biak. Hemengoek ez dute gura halakorik, oso sakrifikatua da eta: goizaldeko lauretan jaiki eta iluntzera arte lan egin izan dut nik.

Pasadizo asko bizi izango zenituen, ezta?

Horixe! Gogoan dut Optalidon pastillak saltzen genituen sasoia, emakume mordoa etortzen zen erostera, edadekoak asko; batzuei ez genien saldu gura izaten, hari lotuta bizi zirelako.

Zer izan da urteotako onena?

Herritarrekin tratua. Ni oso lotsatia naiz, eta jendearekin hartu-emanak izugarri lagundu zidan. Tratu estua izan dut bezeroekin, askoren hiletetara ere joan izan naiz; ez delako bezeroa galtzen, laguna baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak