Alkandorak estreinatu dituzte herriko txistulariek

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 28a, 11:10
Aretxabaletako txistulariak alkandora berriarekin.

Talde itxura handiagoa hartu du Aretxabaletako txistulari taldeak alkandora berriekin; taldekide batek diseinatu eta egin ditu, gainera: Modu Bat markaren sortzaile den Katalin Antxiak. Pozik jantzi zituzten lehenengoz joan den domekan, San Juan bezperako ekitaldietan.

Aretxabaletako txistulari taldeko kideek alkandora berdeak estreinatu zituzten joan den domekan, San Juan bezperako kalejiretan. Orain arte ez dute uniformerik izan, eta alkandora horrek talde itxura handiagoa eman die. Pozik jantzi zituzten, harro, eta herritar askok nabarmendu zuten taldearen dotoretasuna.

Grisa, ekitaldi serioagoetarako

Katalin Antxia Abasolo diseinatzaile eta jostunak egin ditu, txistulari taldeko kidea bera ere: "Orain arte, zuria jantzi izan dugu ekitaldi formaletan, guztiok dugulako alkandora zuri bat etxean. Baina orain, edozeinetarako dugu; bata, berdea, eta bestea, gris iluna, ekitaldi serioagoetarako". Uniformeak ez dituela gustuko aitortu du Antxiak, eta horregatik alkandora sortu izana: "Sekula ez zaizkit gustatu. Ondorioz, norberari egokitutako alkandorak egin ditut, pertsonalizatuak. Hainbat proba egin dizkiet, banan-banan. Samur erabiltzeko modukoak izan daitezen gura nuen". Eta bi modelo sortu ditu: mutilena, maho lepokoarekin; eta neskena, paparhegalekin.

Oihalen ezaugarriak asko zaintzen ditu eta %100 oihal organikoa erabili du.

Modu Bat markaren sortzailea da Antxia, moda jasangarria oinarri duen marka eta slow fashion mugimenduarekin bat egiten duena. Hala, oihalen ezaugarriak asko zaintzen ditu: "%100 oihal organikoa erabili dut, iraunkorra dena, mantentzeko erraza. Baina esan diet taldekideei ondo plantxatzeko gero!".

Udalaren laguntzarekin ordaindu dute oparia, eta txistulariek oso gustura jaso dituzte. Antxiak diseinatu duen bigarren uniformea da; orain dela lau urte, Tabakalerako informazio puntuko eta Mediatekako langileendako egin zuen.

Tailerra Saran, martxoa ezkero

Hainbat kokagune izan ditu Antxiaren tailerrak azken urteotan, baina otsailaz geroztik Saran (Lapurdi) dago. "Martxoan ireki nituen hango ateak eta benetan gustura nago. Herri txikia da, baina, era berean, mugimendu handia duena, inguruko herrien bilgune delako".

Saran ireki du tailerra aurten, eta oso gustura dago.

Lau ildotan banatuta du Modu Bat-en lana. "Batetik dago marka bera eta hor egiten ditudan lanak; bestetik, neurrira egiten ditudan jantziak, ezkontzetarako sarri, baina baita bestelakoetarako ere; hirugarrenik, ikastaroak eskaintzen ditut, eta harrera beroa egin didate horri dagokionez; eta azkenik, konponketa lanen zerbitzua eskaintzen dut".

Aretxabaletan ere eskainiko du patroigintza eta joskintza ikastaroa datorren astelehenean hasita, hiru egunez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak