'Tulipan txikia' antzezlana martitzenean, Aratzekoen eskutik

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 27a, 17:47

Azken asteotan mimo handiz prestatzen jardun duten antzezlan motza eskainiko dute Aratz elkarteko hainbat kidek, Tulipan txikia. Martitzenean, uztailaren 2an, izango da Arkupen, 19:00etan.

Iurgi Etxebarria zuzendariaren esanetara aritu dira lanean zortzi bat astez: "Prestaketa lanei dagokienez justu samar iritsiko gara emanaldira, baina ilusio handiarekin", adierazi du. Hamalau bat lagunek jardun dute lanean, batzuk aretxabaletarrak eta beste batzuk Durana kaleko Atzegiko etxean bizi direnak. Ipuin laburra da Tulipan txikia, 10-15 minutukoa. "Eta lan horretan kide guztiek parte hartuko dute. Musika du oinarri eta dantzekin osatu dugu", dio Etxebarriak. 

Antzerkigintza ikastaro baten osteko emaitza da martitzenean aurkeztuko duten lana. "Probatxo bat izan da oraingo hau, eta pozik nago emaitzarekin. Aratzeko kideek benetan ondo pasatu dute eta oso aberasgarria izan da guztiondako", eta gaineratu du: "Konfiantza landu dugu, elkarri asko lagundu diote eta umore bikainarekin jardun dute; talde oso jatorra da. Diziplinarekin gorabeheratxo batzuk izan dira, baina ondo bideratu dugu". 

Datorren ikasturtean lanean jarraitzeko asmoa agertu du Etxebarriak; martitzenetan elkartuko dira, mojen komentuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak