Mikel Larburu zumaiarra izango da UDAko Ohorezko Erregionaleko taldearen entrenatzailea

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 11a, 08:04

Datorren denboraldiko entrenatzaile taldea aurkeztu du UDAk, eta horien artean dago Mikel Larburu (Zumaia, 1986) Ohorezko Erregionaleko taldearen gidaritza hartuko duen zumaiarra. Horrek, Dabid Zaitegi arrasatearra izango du alboan.

Atzo, ekainak 10, elkartu ziren entrenatzaileak (hainbat falta ziren) Ibarra futbol zelaian zuzendaritzako zenbait kiderekin batera, besteak beste, Agurtzane Elkoro presidentea eta Adrian Merino presidente-ordea. Denboraldia hasteko hainbat aste geratu arren gogotsu agertu ziren guztiak, eta aurrez aurre duten erronkari heltzeko gertu. 

Nobedade handiena Ohorezko Erregionaleko taldearen gidaritza hartu duen Larburu da. Gaztea izan arren badu eskarmentua entrenatzaile lanetan: lehenengo Ermuan jardun zuen, Euskal Ligan; gero, Zumaikon, preferentean, bi urte; eta azken denboraldia Ordizian egin du, hirugarren mailan jokatzen duen taldearen bigarren entrenatzailea izan da. "Aretxabaleta plaza oso polita da eta erabakia hartzea erraza izan da. Nik sarri jokatu izan dut hemen; jende asko gerturatzen da ikustera eta badakit klub garrantzitsua dela herritarrentzat. Hortaz, erabakia erraza izan da, gauza on asko eskaintzen dituelako".

Herritarren presioak ez duela beldurtzen dio: "Presioa norberak jartzen dio bere buruari, bai futbolean, bai bizitzan. Badakit azken bi urteotan sufritu egin dela behar dena baino gehiago eta helburua da urte lasaia izatea, anbizio apur bat izatea ere bai gora begiratzeko, eta herriko jendeari irteera ematea. Gero ikusiko da zer ematen duen urteak…". Ohorezko Erregional mailan jokatutakoa da, orain dela urte batzuk, baina ondo ezagutzen duen maila da: "Talde asko ezagutzen ditut, entrenatzaile asko eta futbol zelaiak ere bai. Maila handia dago eta talde borrokalari asko, hortaz, moldatu egin beharko dugu aurkariari, etxean jokatu edo kanpoan ezberdina izango delako, baina batez ere gure nortasunari eutsita eta estilo bati jarraituta".

Taldea osatuta dagoela dio, jokalari pare baten zain: "Garrantzitsuena oinarriari eustea zen. Aurten une txarrak pasatu dituzte baina taldea bat eginda mantendu da, eta azken emaitzak, oso onak izan ziren Tolosaren aurka, Eibarren aurka… Ikusteko aukera ere izan nuen, jokalariak ezagutzen ditut eta taldea eginda dago. Helburua ez da jendea kanpotik ekartzea, nahiz eta baten bat etorri, garrantzitsuena da hemen dagoena, eta gero, bigarren taldekoei ere aukerak ematea. Izan ere, bertako jendea ikusteak jokatzen ilusioa egiten die partiduetara datozenei".

Larburuk alboan izango ditu Dabid Zaitegi bigarren entrenatzailea, Andoni Etxagibel atezainen entrenatzailea eta Alvaro del Blanco prestatzaile fisikoa. "Herri sentimenduari eustea da garrantzitsuena. Zumaian ere hori berreskuratu genuen, eta, hemen ere horri eutsiko diogu, hori da guztion gogoa". Uztailaren 8an hasiko dira entrenamendu saioekin, sei edo zazpi saio egiteko asmoa dute eta gero, abuztuaren 19an aurre-denboraldiari ekingo diote. "Abuztuaren 27an, hirugarren mailan dagoen Lagun Onaken kontra jokatuko dugu, Garmendipen, belarretan. Eta gero hiru lagunarteko ere lotuta ditugu".

 

 

Jokin Badillo, Jose Ramon Gordoa, Andoni Etxagibel, Mikel Larburu, Dabid Zaitegi, Alvaro del Blanco eta Adrian Merino.

Talde berria lehenengo mailako erregionalean

Beste berrikuntzetako bat da talde berria izango duela UDAk, lehenengo erregionalean hain zuzen ere. Ibai Zangituk gidatuko du hori.

Hona hemen entrenatzaileen zerrenda:

Ohorezko Erregionala:
  • Mikel Larburu
  • Dabid Zaitegi 
Preferentea:
  • Alvaro Del Blanco
  • Ibai Paramo 
Lehenengo Erregionala:
  • Ibai Zangitu
  • Joserra Prieto
Ohorezko Jubenila:
  • Unai Calzon
  • Jokin Badillo
Lehenengo Jubenila A
  • Ibai Paramo
  • Aitor Perez 
Lehenengo Jubenila B
  • Jonan Jaca
  • Jon Gonzalo
Ohorezko Kadetea
  • Alvaro Del Blanco
  • Danel Uribesalgo
 Lehenengo Mailako Kadetea A
  • Igor Altube
  • Ander Martinez
Lehenengo Mailako Kadetea B
  • Asier Urzelaia
  • Jon Azarola
Infantilak Parte Hartu 1
  • Josu Letona
  • Ricardo Soares
Infantilak Parte Hartu 2
  • Antxon Isasisasmendi
  • Jokin Isasisasmendi
Infantil Txikiak
  • Beñat Illarramendi
  • Iago Zuazua

 

Hauteskunde deialdia

UDAren zuzendaritza batzordeak bi urte bete ditu, eta orain, hauteskunde deia egitea dagokio. Hautagaiak aurkezteko epea zabalik dagoela jakinarazi dute ekainaren 14a artean. Horretarako bideak, hona hemen: udaretxabaleta@ gmail.com, www. udaretxabaleta.eus eta Correosen, 10 posta-kutxa. Hautagai zerrenda bat baino gehiago aurkeztuz gero, uztailean ezohiko batzarra deituko dute – ohiko batzar nagusiarekin batera–, eta boto gehien jasotzen duena hautatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak