Egunari hasiera eman dion etxafuegoaren ostean, indar betean ekin diote Kurtzebarri eskolaren jaiari Aretxabaletan: gurasoek eta umeek, denak batera jolasean. Eta behin ondo iratzarritakoan, guraso eta irakasleen batukadaren txanda heldu da; kalez kale ibili dira musikariak erraldoien eta buruhandien konpainian. Kurtzebarri eskolaren komunitatea osatzen dutenek, gainera, berde kolorea jarri diote herriari. Izan ere kolore horretakoak dira eskolaren leloa, 'Bihotzez ikasi', daramaten kamisetak eta jertseak, gaur ia guztiek soinean eraman dituztenak.
Bazkaloste animatua
Berriz ere Herriko Plazara bueltan, hainbat ikaslek Eguzkiari agurra dantza ikuskizuna eskaini dute urtaro aldaketa datorrela irudikatzeko; eta ondoren 500 lagundik gora elkartu dira Iturrigorri frontoian bazkaltzeko. Siestarako ez dute astirik izan, bazkalostean bolo txapelketa, jolasak, dantzaldia eta puzgarriak ere egon direlako aukeran.
Eskolako kideek egunaren balorazio oso positiboa egin dute, eta eskerrak eman gura izan dizkiete guraso guztiei erakutsi duten inplikazioagatik.