Elkartruke bat tarteko Tarragonako 30 lagun datoz asteburu pasa Aretxabaletara

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 6a, 18:00

Lagun artean sortutako kontuak elkartrukea izan du emaitza. Otsailean, Urbaltz elkarteko hainbat aretxabaletar joan ziren 200 biztanle eskas dituen Tarragonako Montferri herrira, eta orain, handik datoz bisita itzultzera. Egitarau betea gertatu diete egubakoitzetik domekara bitartean, inguruak ezagutu ditzaten.

Kataluniar batzuk elkartruke baterako elkarte bila zebiltzala jakin zuten Urbaltzeko hainbat kidek iaz, eta, hortik abiatuta, harreman estua sortu da. Bihar, zapatua, ospatuko duten Urbaltz elkartearen egunera gonbidatu dituzte, eta asteburu-pasa betebetea antolatu diete.

Tarragonako herri txikia 

Iazko ekainean, hain zuzen, etorri ziren Montferriko lau lagun Aretxabaletara, herria eta elkartea ezagutzera. Eta aurtengo otsail bukaeran Urbaltz elkarteko 30 bat lagun joan ziren Kataluniara, asteburu-pasa. "Ateak parez pare zabaldu zizkiguten, dena gure zerbitzura jarri. Eta harreman estuak sortu dira gure artean", adierazi du Gari Iturbek, elkartrukearen antolatzaileetako batek. Tarragona barnealdean kokatutako herri txikia izanagatik ekoizle asko ditu, eta horiek guztiak ezagutu zituzten: "Cava egiten duten upategietara eraman gintuzten, baita garagardoa, olioa eta eztia egiten duten ekoizleak ezagutu ere. Kontzertuetan izan ginen eta calsotada ere gertatu ziguten". 

Bazkarian 100 lagunetik gora 

Han egindako harrera beroa egin gura diete orain hemen ere, eta, horretarako, egitarau dotorea zehaztu dute –balkoietan esteladak jartzera gonbidatu dituzte herritarrak–. Egubakoitzean egingo diete ongietorria, afariarekin (21:30), eta etxeetan hartuko dituzte datozen 30 lagun horiek; umeak, gazteak eta helduak. Atseden hartu ondoren, bihar (10:00), Areantza auzora joango dira, Urkulu eta inguruko parajeak ezagutzeko asmoarekin. Areantzako kanpai-jole eskolakoek egingo diete harrera han, kanpai joaldia eskainita. Eguerdian, bazkaltzeko elkartuko dira (14:30). "Bazkari horretarako gonbidapena herritarrei ere zabaldu diegu eta 100 lagun baino gehiago elkartuko gara. Izan ere, Urbaltzeko eguna denez, herriko beste elkarte batzuetako gonbidatuak ere izango ditugu", dio Iturbek. Elkartasun kamiseta horiak egin dituzte bazkari horretarako, eta horiek jantzita joateko dei egin dute. Bazkalostea Bixentak taldeak girotuko die (17:30). 

Domeka goizerako, aukera bat baino gehiago eskaini diete: Bedoñako txakolindegira bisita, herri kirolak eta Leitz Gatzagako museora bisita. Eguerdi partean, herriko beste elkarte batzuk ezagutzera joango dira, musikak girotuta (12:30), eta ondoren, elkar agurtu eta itzulerako bidaiari ekingo diote kataluniarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak