Zazpi egunetan zazpi hitzordu antolatu ditu Aretxabaletako Udalak ekainerako. 7x7 kultura kalean izenpean, musika, antzerkia eta bestelako ikuskizunak eskainiko dituzte herriko zenbait lekutan.
"Ekaina girotzeko asmoz antolatu dugu 7x7 kultura kalean zikloa, eta adin guztiei zuzendutako hitzorduak izango ditugu; haur, gazte eta helduentzat. Horrekin batera, auzo guztietara zabaldu nahi dugu kultura. Santakurtzeko plazan, Mitarte kalean, Santa Rita lorategian, Gipuzkoa plazan, Herriko Plazan eta Durana kalean izango ditugu ekintzak", adierazi du Joxe Migel Uribarren Kultura zinegotziak.
Hasteko, txotxongiloak
Ekainaren 5ean izango da lehenengo hitzordua, eta haurrei zuzendutakoa izango da. 19:00etan, Santakurtzeko plazan, Bihar Txotxongilo Taldeak Kli! kla! Birzikla! ikuskizuna eskainiko du. Historia horretako protagonistak zabor artean aurkituriko gauzak gordetzen ditu: botilak, kaxak, paper bilduak… eta ezkutuan txotxongiloak egiten ditu. Bere neska-laguna jendeari ipuinak kontatzen hasteko konbentzitzen du, eta, atsegingarria iruditzen zaienez, aurrerantzean ere berrerabil daitezkeen gauzak gordetzea erabakitzen dute, horrela aktoreak, objektuak eta txotxongiloak nahastuz istorio berriak kontatu ahal izateko.
Herriko taldeak
Herriko taldeek ere izango dute protagonismoa 7x7 kultura kalean egitasmoan. Screamers and Sinners Aretxabaletan sortutako psychobilly taldeak kontzertua eskainiko du ekainaren 7an, Mitarte kalean, eta ekainaren 19an, berriz, Jaiki Elkarteak Gorputza Gogoan izeneko dantza ikuskizuna eskainiko du Durana kalean.
Egitaraua
• Ekainak 5
19:00etan. Kli! Kla! Birzikla! txotxongiloak Santakurtzeko plazan.
• Ekainak 7
19:00etan. Screamers and Sinners taldearen kontzertua Mitarten.
• Ekainak 12
19:00etan. Voces Riberas taldearen kantaldia. Santa Rita lorategian.
• Ekainak 13
19:00etan. Rock Eroak ikuskizuna. Gipuzkoa plazan.
• Ekainak 14
19:00etan. Bandaren emanaldia Santa Rita lorategian.
• Ekainak 18
18:00etan. Musika eskolakoen kontzertua, plazan.
• Ekainak 19
19:00etan. Jaiki Elkartearen eta Altraste dantzaren ikuskizunak, Duranan