Oihana Aldaik ez du Realean jarraituko

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 29a, 16:51

Oiahan Aldai, Arrasateko plazan, Erregina Kopa eskuetan duela, udaletxera bidean.

Atezain aretxabaletarrak sare sozialak aprobetxatu ditu bere etorkizunari buruzko albistea emateko, ez du Realean jarraituko: "Nire taldeari agur esateko eguna da gaur, eta ez da erraza, batzuetan agur horiek norberak nahi baino lehenago iristen direlako", idatzi du Aldaik. Hain zuzen atzo, Mojategin, etxeko zaleen aurrean talde txuri-urdineko atea defendatuz esan du agur.

Oihana Aldaik urtebeteko ibilbidea egin du Realean, eta arlo pertsonalean ez horrenbeste, baina talde moduan urte bikaina izan da. Arlo pertsonalari dagokionez horixe falta izan zaio, gehiago jokatzea, Gonzalo Arkonadak bi norgehiagokatan aukeratu duelako hasierako hamaikakoan egoteko –atzo ere titularra izan zen Euskal Herria Kopako finalerdian–. "Realera etorri nintzenean banekien zein egoeratan egon behar nintzen, Mariasun Quiñones oso egonkortuta zegoelako taldean. Baina, ikastera eta postuagatik borrokatzera etorri nintzen", adierazi zion GOIENAri duela aste gutxi.

Talde moduan, Aldaik eta gainontzeko ordezkariek erregina Kopa ekarri zuten Granadatik, eta denboraldi amaieran bizi izandako dena bihotzean eramango du aretxabaletarrak. Eta ez da gutxi. Atzo, berriz, agur polita izan zuen Mojategin, asko maite duen berdegunean, eta Alavesen aurrean oso partidu txukuna eginda agurtu ahal izan zen. Bada, Reala jokalarien etorkizuna zehazten hasi den honetan argitu du Aldaik ez duela Realean jarraituko. 

Oihana Aldai eskumatik lehena, atzoko norgehiagokan Mojategin, Realarekin jokatuko duen azkena. Goiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak