"Gauez idazten dut, lo egiteko orduak kenduta"

Aitor Agiriano 2019ko mai. 24a, 16:30

Orain hiru urte 'Triangulos en la cueva' autoekoiztutako lehen lana atera eta gero, bigarren eleberria kaleratu du David Agirre aretxabaletarrak: 'Camina despacio, muy despacio.

Maiatzaren 10ean kaleratu zuen bigarren liburua Agirrek. Harrokeria, apaltasuna, diru-gosea, politika... izan dira liburu berrian landu dituen gaietako batzuk.

Nola heldu zenion Camina despacio, muy despacio argitaratu duzun bigarren liburua idazteari?

Triangulos en la Cueva lehen liburua amaitu nuenean, buruan nuen jada beste bi liburu idatziko nituela: bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Ez beste hizkuntza batean idazteko asmoa neukalako, baizik eta, batzuetan, landuko den gaiak eramaten duelako euskaraz edo gaztelaniaz idaztera.

Lehen eleberria zeuk autoekoiztua izan zen. Bigarren hau ere bai?

Ez, Bartzelonako Autografia argitaletxearekin kaleratu dut bigarren liburu hau. Idatzitako bi liburuak batera argitaratzeko asmoa nuen. Baina, gaztelaniaz idatzitakoak baiezkoa jaso bazuen ere, euskaraz idatzitakoak ez zuen onespenik eduki. Beraz, oraingoz, hori da kaleratu berri dudana.

Zenbat denbora igaro duzu abentura berri honetako hitzak idazten?

Egia esan, ez da denbora luzeko kontua izan. Liburua motza da eta ideia konkretu bat garatzea izan da kontua; urte eta erdi inguruan idatzi ditut bi lanak.

Fikzioan edo errealitatean oinarritu zara istorio berri hau idazteko?

Fikzioa da. Azkenean, landu ditudan gaiak edonoren interesekoak izan daitezkeen kontuak dira, egunerokotasunean gertatzen diren eta zaizkigun gauzak jaso ditut-eta bertan.

Idatzi zenuen lehen istorioarekin loturarik ba al du bigarren honek?

Ez, ez du batak bestearekin loturatik. Nire aburuz, aurreko eleberria sakonegia zen eta oraingoa, aldiz, arinagoa eta irakurterraza da.

Idazteko orduan baduzu gustuko duzun txoko edo momenturik?

Gauez idazten dut, lo egiteko orduak kenduta. Ordu horietan lasaiago egoten naiz, eta, niretzako, hura da idazteko unerik aproposena.

Spoiler-ik egin gabe, zer aurkituko du irakurleak Camina despacio, muy despacio liburu berrian?

Beldurraren bila joatea aitzakia izan da, azkenean, harrokeriaz eta apaltasunaz hitz egiteko barne ezagutza bat eman nahi izan dudalako. Ametsen ingurukoa ere bada beste tarte bat eta barne ezagutza hori ere ametsen inguruan garatuko du irakurleak.

Nori zuzendutako istorioa da? Adin konkretu baterako idatzi duzu...

Hainbat arlo ezberdin agertzen dira bertan, eta arlo berri bat garatzeko interesa duenarentzat da liburua. Esan moduan, hainbat arlotako hastapenak agertzen dira idatzitakoan eta irakurle bakoitzak ikus dezake zer den bere intereseko edo irakurri duenetik zein bizipen bizi izan dituen berak ere. Azken finean, gustuko den gai bat aurkituz gero, hori sakontzeko aukera emango dio.

Zein bide erabilita edo non eskuratu ahal izango da liburua?

Bide ezberdinak erabiliz lor daiteke liburua: modu erraz eta merkeena, Aretxabaletan, Durana kalean dagoen kioskora gerturatuta izango du herritarrak. Bestetik, Casa del Libro liburu dendara joz gero ere badago eskuratzeko aukera. Hori bai, aurrez egin beharko du eskaera bide hau erabiltzen duenak.

Etorkizunari begira, zein asmo duzu idazle moduan?

Gaur egun oso zaila da idazle izatetik bizi izatea, ez du bizi izateko nahiko diru ematen. Gustuko dudalako idazten dut, zaletasun bat da niretzako. Momentu aproposa etorri, denbora eduki eta barne gogoa piztuz gero, nork daki, istorio eta abentura berri gehiago etorriko dira irakurlearen gozamenerako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak