260 bat neska-mutiko izango dira domekan Aretxabaletako Haur Dantzarien Egunean

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mai. 23a, 17:00
Leizarra dantza taldeko kideak Haur Dantzarien Egunen, Aretxabaletan.

Leizarra musika eskolak antolatuta, inguruko haur dantzarien topalekua izango da Aretxabaleta. Antzuolako, Oñatiko, Soraluzeko eta Arrasateko taldeek baieztatu dute parte hartzea. 10:30ean elkartuko dira guztiak, plazan.

Dantza taldea indartsu dago Aretxabaletan, eta prest dute aurtengo Haur Dantzarien Eguna. Domekan ospatuko dute.

Leizarra musika eskolako zuzendari Mariatxen Urkiak azaldu du herriko ehun bat dantzarik hartuko dutela parte eta beste 160 bat etorriko direla inguruko herrietatik. "10:30ean egingo dugu ongietorria, plazan, eta txoripana jango dugu denok batera".

4 eta 14 urte bitarteko haur dantzariak izango direla esan du Urkiak. 11:15ean, dantza egingo dute kalean, eta 13:30ean, herriko familiek hartuko dituzte etxean bazkaltzeko. "Txistulariei eta arduradunei bazkaltzen emateko herriko elkarteen laguntza dugu". Denen parte hartzea eskertu du Urkiak.

Arratsaldean, alardea egingo dute dantzariek, 17:00etan hasita. Eguraldi txarra bada dantza saio guztiak frontoian izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Askotariko dantzak

Neska-mutikoek lan handia egiten dute dantzak ikasten, eta beti da aberasgarria inguruko taldeak ere ezagutzea. Domeka goizeko saiorako talde bakoitzak bere errepertorioa prestatu du. Arratsaldeko alardea denek batera egingo dutenez, dantza sorta adostuta dago. Horien artean daude, besteak beste, jorrai dantza, makil txiki, Gipuzkoako zinta dantza, Guardiako arku dantza, txantxo dantza, cake polka edo Luzaideko esku dantza.

Aretxabaletan talde kopuru polita dagoela esan du Mariatxen Urkiak: "Ikasturte honetan bigarren irakasle bat behar izan dugu".

4 urtetik aurrera has daiteke dantza eskolan. Interesatuek zabalik dute izena emateko epea, ekainaren 21era bi-tartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak