"Ideia berriekin eta lanerako gogotsu" agertu dira Elkarrekin Podemoseko kideak

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 23a, 12:32

Aretxabaletako zerrendako lehen hiru kideak: Iker Carrasco, Rafa Bernal eta Mario Romero.

Proposamenen berri ematen jardun dute Elkarrekin Podemoseko zerrendako hiru kidek, Rafa Bernalek, Mario Romerok eta Iker Carrascok. Aretxabaletan hainbat aldaketa egiteko proposamenak dituzte, mugikortasunaren gainean hausnarketa eta parte-hartzea bultzatu, esaterako.

"Krisia pasatu dela uste dugu, baina sistemaren krisia hor dago, eta, haziz doa gainera, horren adibide dira neoliberalen gorakada eta egoera ekonomikoa; azken horrek, gainera, gero eta gehiago zapatzen ditu herritarrak", dio Elkarrekin Podemoseko zerrendaburu den Rafa Bernalek. Lege asko egiten direla bizimodua hobetu nahian baina gero ez direla aplikatzen uste du: "Ez dago politikarien aldetik konpromisorik, eta horiek egunero-egunero egin beharko lukete lan herritarren bizimodua hobetzeko. Pertsonek egon behar dute erdigunean".

Garapen jasangarria da Elkarrekin Podemosen zutabe bat: "Etorkizuna erabat hipotekatuta dugu. Eta etorkizuna ez da gurea, atzetik datozen belaunaldiena baizik. Etorkizuna orain hasten da eta horrek hausnarketa sakona behar du, sistemaren gaineko hausnarketa sakona". 

Mugikortasuna eta parte-hartzea

Aretxabaletara "ideia berriak" ekarri gura dituzte: "Gogotsu gatoz, ideia berriekin, kontua ez delako bakarrik errepideak asfaltatzea, eta zuhaitzak moztea auto gehiago aparkatzeko… Autoei dagokienez hain zuzen ere, mugikortasunaren gaineko hausnarketa egin beharra dago. Eta mugikortasuna ez da aparkaleku gehiago jartzea, da bultzatzea garraio publikoa eta bizikleta, baita oinez mugitzera animatzea herritarrak ere". Horiek eta beste ideia mordoa dituztela garatzeko datozen urteotan adierazi du Bernalek. 

Era berean, herritarren inplikazioa bultzatu gura dute, parte-hartzea sustatu: "Parte-hartzeak esan gura du keinu txikiak egitea egunero, errespetuz jokatzea. Politika ez da diskurtso handiak botatzea irtenbideak proposatzea baizik, eta horretarako, ez dago alderdi baten barruan egon beharrik", dio Carrascok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak