Herritarrekin sintonian egon behar duela Udalak adierazi zuen Albizuk, "herritarrek pentsatzen dutenarekin eta bizi" dutenarekin: "Noizean behin desafinatu arren, pieza berbera jo behar dugu. Jendearekin batera egin behar dugu ibilbidea, ez dago beste biderik".
EH Bilduk zergatik hartu gura duen Udalaren gidaritza aipatu zuen, besteak beste, bi arrazoi emanda. Batetik, berdintasunean aurrerapausoak eman gura dituzte: "Udalean txertatuko dugu feminismoa, eta partidak bikoiztu egingo ditugu benetako politikak egin ahal izateko".
Eta bestetik, etorkizuna bermatu beharra dagoela adierazi zuen: "Ekonomikoki eta sozialki indartsu gauden une honetan hasi behar dugu lanean, eraldaketa sozialerako, gure gizartea eta gure ehun industriala eta komertziala sendotzeko". Gaur egungo beharretatik abiatuta etorkizuna eraikitzeko lanean jardungo dutela zioen: "Hor dago oinarrituta gure proiektua".
Eta horretarako herrigintza dela oinarria gaineratu zuen: "Herriko mugimendua saretu eta indartu behar dugu. Eta argi dugu gu jendearen zerbitzura gaudela". Hala, herritarrak zaintzea izango dela ardatza zioen.
Domekan bozkatzeko deia
Herritar guztiak gonbidatu zituzten domekan bozkatzera joatera: "Zergatik EH Bildu? Zerrendarik indartsuena, prestatuena, jatorrena... delako eta bereziki Aretxabaleta etorkizunera eramango duen proiektua delako, gure etorkizuna bermatuko duen proiektu bakarra", zioen Albizuk.
Oñatiko alkate den eta Batzar Nagusietarako hautagai Mikel Biainek bi ereduren artean egin beharko dutela aukeraketa herritarrek aipatu zuen. Eta ekitaldia girotu zuten bertsoek eta kanpainarako sortu duten kantuaren emanaldiak; bukaera eman zioten kalejirarekin.