Sei upategi, bi erraldoi konpartsa eta herriko lau ekoizle, zapatuan, Aretxabaletako IV. Txakolin egunean

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mai. 23a, 09:47

Txakolin eguna, Aretxabaletan.

Estimazio handia du Txakolin egunak, Aretxabaletan. Gainezka egoten da eta iaz ere guztiz agortu zen upategiek ekarritako txakolina.

Kultura zinegotzi Joxe Migel Uribarrenek azaldu duenez Getariako txakolina jatorri izendapena duten sei upategik ipiniko dute aurten mahaia Mitarte kalean: Hiruzta, Mokoroa, Elkano, Ameztoi, Txomin Etxaniz eta Ulacia upategiek, hain zuzen ere. 12:30etik 14:30era eskainiko dute txakolina.

Bost txartel eta kopa bat 5 euroko prezioan egongo da salgai, eta kopen salmentatik ateratako dirua, aurten, Kurtzebarri eskolako DBH 4-ko neska-mutikoen ikas-bidairako izango da.

Jakiak eta erraldoi konpartsak ere bai

Txakolina laguntzeko jakiak ere egongo dira Mitarte kalean. Herriko hainbat ekoizleren produktuekin egindako pintxoak eta hanburgesak egongo dira salgai. Alberdi, Mendibitzu ekologikoak eta Etxezuri izango dira ekoizle horiek. Hankabeltzekoek, aurrekoetan moduan, urdaiazpikoa eskainiko dute.

Aretxabaletako tomateak ere izango du bere lekua. Kristina Eneako kideek mahaia ipiniko dute tomate horren ezaugarrien inguruko informazioa emateko, eta landareak banatuko dituzte gerturatzen direnen artean.

Azkenik, festa giroa borobiltzeko Bergarako eta Txantreako erraldoi konpartsak izango dira Aretxabaletan. Herriko hainbat lekutan ibiliko dira eta Herriko Plazan elkartuko dira amaitzeko.

Konpartsek ibilbide desberdinak egingo dituzte. Lehenengoaren ibilbidea izango da: Zesteroko aldapa-Santakrutzera-kuarteleko biribilgunea-Bedarreta Santakrutz 5 plaza (geldiunea eta dantza)-Lausitako autobus geltokia-eliza-Durana kalea-Herriko Plaza.

Bigarren konpartsaren ibilbidea izango da: Errekabarren kalea-Belorrietako biribilgunea-Iralabarri plaza (geldiunea eta dantza)-Pagaldaixeneko izkina-Durana kalea-Herriko Plaza.

Gogoratu Emakumeen Bira ere Aretxabaletatik igaroko dela zapatuan.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak