Elikaduraren gaineko argibideak ematen dabil Andere Etxabe

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 21a, 08:19

Atxabalta Mugi egitasmoak antolatuta elikaduraren gaineko hainbat hitzaldi emango ditu Andere Etxabe dietista-nutrizionista aretxabaletarrak. Maiatzaren 28an Atxabalta Mugiko erabiltzaileendako egingo du, eta ekainaren 11n Ibarra kiroldegiko erabiltzaileendako (18:00); kirola eta elikadura izango ditu hizpide orduan. Izena eman behar da aurretik kiroldegira deituta (943 03 98 42). 

Zer da elikadura osasungarria?

Elikagai osasuntsuen bitartez pertsonaren nutrizio-beharrizanak eta energetikoak betetzea organismoaren ongizaterako.

Zer da bai ala bai jakin beharrekoa sukaldean dabilen batek?

Elikagai taldeak –barazkiak, frutak, proteina osasuntsuak, zereal osoak, esnekiak…– ezagutzea beharrezkoa da konbinaketa egokiak egiteko. Noski, elikagaiak prestatzeko moduak ere garrantzi handia du.

Zer da real food delakoa?

Benetako janariak jatean oinarritutako bizi estilo osasuntsua da. Elikagai freskoak –barazkiak, frutak, zereal osoak, lekaleak…– elikaduraren oinarri izatea, gaur egun oso eskuragarri ditugun jaki prestatuak, ultraprozesatuak, alde batera uzteko.

Elikadura piramideak aldaketak izan ditu?

Elikaduraren inguruko gomendioak hobetu egin dira; piramidearen oinarrian benetako jakiak –barazki, fruta, zereal osoak…– agertzen direlako ariketa fisikoarekin batera, eta elikagai ez osasuntsuak –alkohola, gozoak…– piramidetik kanpo. Funtsean, real food-a bizi estilo osasuntsu horretan oinarritzen da.

Elikagaien etiketak dioena jakitea garrantzitsua da?

Bai, jaten diren jaki prestatuen osagaiak eta nutrizio-ezaugarriak jakiteko; baita datu horiek interpretatzen jakitea ere: elikagai edo jaki osasuntsuen eta ez osasuntsuen sailkapen egokia egiten lagunduko digu eta, hala, erosketak egiterakoan lana erraztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak