Patxi Torres: "Lagun talde handi bat da Antxintxika"

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 18a, 11:49

Antxintxikak Ibarrako kiroldegia aukeratu du aurten taldearen aurkezpena egiteko. Guztira 29 lagunek estreinatu dute elastiko berria, baina guztira 45 dira taldean: "Denak ezin izan gara batu hainbat taldekide Iruñean eta Senperen daudelako, asteburuan lasterketak dituztelako". 

Antxintxika Triatloi Taldeak 45 kide izango ditu aurten: "Zenbateko nahiko egonkorra da, baina urtero ditugu taldekide berriak, aurten sei lagun berri etorri dira". Izan ere, Debagoieneko triatloi taldeak zabalik ditu ateak: "Lagun talde bat gara, ez gara profesionalak, eta badirudi talde batean sartzeko errendimenduari dagokionez kirolariarekin exijentziak izan behar ditugula. Ez da gure kasua, inondik inora. Bakoitzak ahal duen neurrian egingo du kirola, eta lasterketak ere denetarikoak daude, badaude distantzia motzak ere".

Taldekideak lasterketa batetik bestera dabiltza, duatloi denboraldia amaituta dagoeneko triatloietan dabiltza-eta buru-belarri: "Aurten normalean baino geroago aurkeztu dugu taldea. Azken orduko babesleak izan ditugu eta arropak beranduxeago atera ditugu". Hala, probetan gozatua hartu bai, baina eurenak ere antolatuko dituzte: "Ekainaren 16an izango dugu Tritxikia, eta sekulako poztasuna ematen digu gazteei zuzendutako kirol hitzordu hori antolatzea, egun horretan izaten duten irribarrea eta zelan pasatzen duten ikustea ederra delako. Eta gero, urtero moduan, Behobia-Donostia lasterketa baino astebete lehenago Antxintxika Krosa antolatuko dugu, Soraluze eta Bergara artean egiten duguna. Gogoz gaude aurten ere".

Amaitzeko, babesleei eskerrak eman dizkie Antxintxikako ordezkariak: "Servimasak urteak daramatza gurekin eta zelan eskertu ere ez dakigu. Goiena aseguruak, Mobel... Eta orain Oreka Eskoriatzako bizikleta dendaren laguntza ere badugu, eskerrik asko denei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak