Aretxabaleta kirol elkarteak eta San Juan de Dios ospitaleak 2017an abian jarritako UD@A egitasmoaren barruan, Inklusioa: esnatu, mugitu, ausartu eta erabaki leloa duten jardunaldiak antolatu dituzte ekainerako. Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalen babes osoa jaso du horrek, baita ikastetxeena –Kurtzebarri eta Arizmendi–, gurasoena eta hainbat enpresarena –Mondragon Assembly, Fagor eta Copreci, besteak beste–.
Drogen aurka Islandian egindako iraultza oinarri hartu dute: "Hango Planet Youth egitasmoa ardatz hartuta, olinpiadak antolatu ditugu", dio Agurtzane Elkorok, UDAko presidenteak, eta Donostian elkartuko dira 4. DBHko gazteak. Hainbat kirol jarduera izango dituzte bi egunetan: "Hortik harantzago doan ekimena da, lantaldeetan substantzien kontsumoaren gainean hausnartuko dute eta", dio Elkorok.
Ekainaren 7an, ostera, adituen txanda izango da: "Seguru asko, lehenengoz elkartuko dira halako bi aditu handi Donostian: gaixotasun dualetan jakitun den Marta Torrens eta Islandiako proiektua gehien ezagutzen duen Patricia Ros", jakinarazi du San Juan de Dios ospitaleko Emilio Martinek. Parte hartzeko, izena eman behar da: inklusioa.ilusioa@gmail.com.
Antolatzaile eta babesleen iritziak
Emilio Martin (San Juan de Dios ospitaleko psikologoa):
"Substantzien kontsumoaren ondorioz gazte bat ospitalera iristen ikustea oso gogorra da. Ospitalera ez datorren gaztea, ostera, kooperatibaren batera joango da lanera, seguru asko, eta hori lortzea garaipen handia izango da guztiondako".

Myriam Beltran de Heredia (Udaleko Prebentzio teknikaria):
"Ekimen garrantzitsua da, drogaren arazoa gertutik bizi dugu eta. Bi ikastetxeetako gazteek parte hartzea benetan da garrantzitsua, eta, poliki-poliki, hasi da zerbait aldatzen. Bide honetatik jarraitu behar dugu lanean".
Susana Alvarez (Gurasoa):
"Gurasook ere kontu honi heldu behar diogu, gure seme-alaben alde lan garrantzitsua egiten dabiltza eta. Beste proiektu batzuetatik
ikasi behar dugu eta jardunaldian parte hartzera gonbidatzen ditugu".
Jose Mari Eizagirre (Mondragon Assemblyko presidentea):
"Gizartean eragiteari, esparru sozialari garrantzia ematen diogu, eta ekimen honek oinarrian eragiten du. Aukera ematen dio drogen gurpilean sartutakoari birgizarteratzeko; era berean, kontzientziatze lana du ardatz".