Gipuzkoako Trialsin txapelketa domekan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 17a, 09:29

Trialsin gunea Aretxabaletan.

Aretxabaletako herri sarreran dagoen trialsin-gune berrian jokatuko da Gipuzkoako trialsin txapelketa. 09:30ean, haurren txanda izango da, zona txuri eta urdinean. Nagusiak, berriz, 11:00etan hasiko dira.

Aretxabaletan, trialsinean aritzen direnentzat gune berria zabaldu dute. Arrasatetik Aretxabaletara bidean, herri sarreran, ezkerraldean geratzen den eremuan dago gunea, eta kirol horrekiko zaletasuna dutenek erabilera handia ematen diote. Aretxabaletako Oztopo trialsin taldeko kideez gain, Euskal Herri osotik entrenatzera joaten direla adierazi du Aitor Murua Oztopo trialsin taldeko entrenatzaileak: "Oztopo trialsin taldean haur eta gazte ugari daude, eta Unai Zunzunegik eta nik entrenatzen ditugu, beraien gurasoen laguntzarekin. Poliki-poliki taldea handitzen joan gara urteen poderioz, eta gune berriarekin zaletasun hau konpartitzen dutenak batzeko aproposa da. Izan ere, oso ondo prestatuta dago. Hori horrela, aste honetan, esaterako, Irene Caminos Tolosatik etorri da. Jon Areitio hondarribiarra ere askotan etortzen da bertara entrenatzera; Irundik, Durangotik… eta bailarako herrietatik ere hurbiltzen dira hainbat txirrindulari".

Gune erreferente eta prestatua

Aitor Murua Oztopo trialsin taldeko entrenatzaileak adierazi duenez, gune berriaren beharra zuten, eta orain, oso pozik daude taldekideak: "2010ean, Aretxabaletako hilerri alboan jarri ziguten gunea, baina txiki geratu zitzaigun; euri apur bat egiten bazuen, sekulako lokatza sortzen zen bertan, eta ezin zen ibili. Udan soilik aritzen ginen. Oraingoa, aldiz, oso ondo prestatuta dago, eta taldeko kideak oso gustura gaude". Tamaina ugaritako harriak, kamioien gurpilak, egurrak, edukiontziak… dituzte trialsin eremu guztian banatuta, bizikletarekin trikimailuak egiteko. Batez ere Kanpazar harrobiaren laguntza izan dutela eta beste hainbat enpresari materiala eskatuz atondu dutela gunea adierazi du Muruak.

Gipuzkoako txapelketa

Aretxabaletako trialsin-gunean Gipuzkoako trialsin txapelketa jokatuko da domeka honetan. Gaur hasiko dira oztopoentzako markak egiten eta zapaturako prest izango dute, txapelketa aurretik pixka bat probatzeko.

"Hiru proba egongo dira. Probak independenteak dira, baina sailkapen orokorrean parte hartzeko hirurak egin beharko dituzte parte hartzaileek. Gure taldeko sei edo zazpi animatuko gara. Julen, Gorka eta Alvaro, esaterako, benjamin mailan emaitza oso onak lortzen ari dira. Hala ere, domekako txapelketan, gure helburu nagusia ondo pasatzea izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak