Bukatu da aretxabaletarren ametsa herri arteko pilota txapelketan

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 11a, 10:39

Zaila izango zela bazekiten pilotari aretxabaletarrek, eta halaxe, kanporatu egin dituzte herri artekotik. Zestoa izan dute aurkari txapelketa honen hasieran, eta ez dute ezer egiterik izan horren aurka.

Joaneko partiduetan, pasa den astean, hiru partiduak galdu egin zituzten Zestoan, eta horri buelta eman behar zioten atzo etxean. Zaleak ere lagun izan zituzten hori lortzeko ahaleginean, baina argi geratu zen zestoarrak pauso bat aurrerago daudela.

Kadeteek, Unax Igartuak eta Ager Lanzosek, partidu polita jokatu zuten. Igartuak pilota guztiak borrokatu zituen eta erantzukizun handia hartu zuen beregain. Bukaeran, 10 eta 22 zen markagailuan. "Indartsu egon da Igartua, ez dut sekula hala ikusi. Karga guztia berak hartu du, eta azkenean, ordaindu egin du hori, atzera ezin iritsi ondo eta aurrean hainbat galdu. Baina egindako lana izugarria izan da", zioen Juan Mari Errasti entrenatzaileak. 

Gazteen artean, ostera, Arri Lasak eta Ander Zuloagak benetan zail zutela bazekiten, bi horiek kadeteak direlako oraindik (nahiz eta gazteekin jokatu). Hala, 4 eta 22 galdu zuten.

Eta seniorretan, partidu hobea jokatzea espero bazuten ere Unai Errastik eta Mieltxok, azken honek ez zuen egun ona izan, eta 10 eta 22 bukatu zen. "Zestoan jokatutakoarekin gusturago geratu ziren. Mieltxok pilota asko galdu ditu atzean eta erritmoa ezin hartu ibili da", zioen Errastik.

Pozik parte hartu izanarekin

Hamasei urte ostean aurkeztu dira Aretxabaletako pilotariak herri arteko txapelketara, eta horrekin oso pozik daude taldeko kideak. "Atzetik harrobia behar da taldea osatzeko, eta orain bai, orain baditugu pilotariak. Hortaz, izena ematea erabaki genuen", zioen Errastik eta gaineratu: "Urte batzuetarako taldea badagoela uste dut, gaztetxoak badatozelako atzetik".

Halako txapelketa esanguratsuan parte hartzearen garrantzia ere azpimarratu gura izan zuen: "Entrenatzen jarraitzen indarra ematen die pilotariei, beste ilusio bat; baina horrek ez du kentzen lana sendo egin behar izatea".

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak