Hona hemen bertsolariak: Martin Berrizbeitia aretxabaletarra, Haizea eta Oihana Arana ahizpa eskoriatzarrak, Ane Zuazubiskar arrasatearra, Aitor Tatiegi oñatiarra eta Maialen Akizu urretxuarra. Gipuzkoa bertsotan txapelketa sustatze aldera antolatutako saioa da; izan ere, asteburuan hasiko da txapelketa horren sailkapen fasea –udazkenean jokatuko da gero–, eta bertsolari horiek guztiek jardungo dute nor baino nor gehiago.
Martin Berrizbeitiak lehenengoz hartuko du parte Gipuzkoa bertsotan ekimenean. Probatzera eta gozatzera joango dela dio: "Banuen probatzeko gogoa. Aramaioko bertsolariekin elkartzen naiz astero eta haiek txapelketatan parte hartzen dutenez neu ere animatu egin naiz". Gaurko saioa berotze ekitaldia izango da bertsolari horiendako.