Hainbat kaleren asfaltatze lanak Pazko Astean hasiko dituzte

Mirari Altube Arrese 2019ko api. 16a, 14:49
Errekabarren kalean aparkatutako autoen inguruan zinta jarrita, lanen berri ematen duen oharrarekin

Hainbat kaletan egitekoak diren berritze lanak apirilaren 23an hasiko dituztela iragarri dute udal ordezkariek –Araba ibilbidea eta Loramendi, Nafarroa, Bizkaia eta Errekabarren–; era berean, futbol zelai berriaren eraikitze lanak ere hasi dituzte.

Hastear dira asfaltatze lanak. Orain dela hilabete batzuk iragarritako lez, Araba ibilbidea eta Loramendi, Nafarroa, Bizkaia eta Errekabarren kaleak berrituko ditu Udalak. Apirilaren 23an, Pazko astean, hasiko dituzte lanok, eta adierazi dute kasu batzuetan zebra bide berriak eraikiko dituztela, beste batzuetan tokiz aldatu, eta beste kale batzuk asfaltatu bakarrik egingo direla.

Errekabarren kaletik Portasol aldera

Errekabarren kaleari helduko diote lehenengo. Asfaltatu aurretik, baina, zuhaitzak kentzeko lanak egingo dituzte. "Horretarako, kalean dagoeneko jarri dira oharrak autoak aparkalekuetan ez uzteko. Zirkulazioa, ahal den neurrian, mantendu egingo da, baina aparkalekuak libre utzi beharko dira derrigorrean", adierazi dute.

Errekabarren kalean, asfaltatzeaz gain, ezkerreko aldean espaloi txiki bat ere egingo dute –Otaloratik mojen komentura bitartean dagoen zatian–, kalearen alde bietatik pasa daitezen oinezkoak.

Ondoren, Loramendi, Nafarroa, Bizkaia eta Araba ibilbide inguruko lanei helduko diete: "Portasolen beste moldaketa batzuk egingo dira; zebra bide batzuk altxatu eta tokiz mugitu, esaterako". Dena den, data ez dagoela oraindik zehaztuta adierazi dute, prozesuaren arabera finkatzeko geratu delako, eta kalean jarritako ohar bidez jakinarazi dituzte horiek.

Futbol zelai berria, hasita

Kiroldegi aurreko berdegunean, ostera, hasi dituzte dagoeneko futbol zelai berriaren eraikitze lanak. Kataluniako Sports And Landscape enpresari eman diote horren ardura eta hamasei bat aste beharko dituzte bukatzeko. Proiektuan zehaztutako lez, belar artifiziala izango du, bi ate mugiezin, markagailua, jokalarien aulkiak eta ikusleendako eserlekuak. Bi metroko hesiarekin inguratuta egongo da eta sei metro arteko sarea jarriko diote ateen atzealdean, baloiek ihes ez egiteko.

Plazako arrapala, maiatzean

Bestetik, Herriko Plazatik Santa Kurtz kalera igotzeko egingo duten arrapalaren lanak esleitu berri ditu Udalak. Herreria el Campillo SL enpresa izan da deialdira aurkeztu den bakarra, eta horri eman diote ardura, 69.888,91 euroko aurrekontuarekin. Hogei egun barru, maiatzean, hasiko direla eraikitzen adierazi dute udal ordezkariek, eta hilabete inguruan bukatuko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak