"Badago jende asko kuartel zaharrean musika egiten duena, edo dantza. Badago beste jende multzo handi bat nagusientzako ekintza ugari antolatzen dituena. Kirolaren inguruan sekulako mugimendua dago: taldean dabiltzanak zein norbanakoak. Mugimendu feminista gero eta indartsuagoa da", adierazi du Ion Albizu zerrendaburuak. Eta horiekin batera beste hainbat talde dabiltzala lanean herrian aipatu du: elkartasun dinamikak, eskubideen defentsan dihardutenak, haurtzaroaren garapena… "Bakoitzak bere eginkizunetatik duguna hobetzen saiatzen gara".
Dinamika horiek guztiek lan egiteko "instalakuntza hobeak" behar dituztela uste dute EH Bilduko kideek: "Eta uste dugu leku hori komentua dela. Komentuak eskaintzen diguna asko da: herriaren erdian dago, 1.500 metro koadro baino gehiago ditu eta kanpoalde ederra. Horregatik proposatzen dugu herritarrentzako gune bat sortzea; pertsonak eta taldeak garatu ahal izateko".
Erabilera asko izango dituen hiru solairu
Mojen komentua izandako eraikinerako pentsatutako ideien berri eman dute, nahiz eta "herritarren ekarpenei zabalik eta taldeen beharrak aztertzeko gertu egon".
Hiru solairu ditu eraikinak, eta sotoan, intsonorizatutako entsegu lokalak sortzea proposatu dute. "Horrekin kuartel zaharrean dagoen jasanezinezko egoerari irtenbidea emango genioke". Tailerrendako lekua egongo litzatekeela ere aipatu dute.
Beheko solairuan, sasoi baten kapila egon zen aretoa egokituko lukete hainbat erabileratarako: kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak edo ezkontza eta hileta zibilak. Era berean, beheko solairu horretan kokatuko lituzkete Basotxo erretiratuen egoitzaren taberna, bulegoa eta bazkideentzako txokoa. Eta beste hainbat erabileratarako gela batendako lekua ere egongo litzatekeela gaineratu dute.
Eta lehenengo solairuan, herriko elkarteendako bulegoak kokatzeko asmoa agertu dute, baita bilera gelak eta dantzarako gela handi bat ere. Lorategian, ostera, estalitako plaza handi bat sortu gurako luteke, 1.000 metro koadro izango lituzkeena: "Horrekin, Aretxabaletan urtetan egon den eskakizun bati erantzungo genioke", diote eta gaineratu dute: "Proiektua ibairaino jaitsiko litzatekeen parke batekin bukatuko litzateke; ibaiaren beste aldearekin lotuko lukeen pasarela barne".
Proiektuaren dimentsioa jakinik, EH Bilduren asmoa da hainbat epetan banatuta aurrera eramatea: "Eta bereziki guztion artean ko-diseinatuta".