Atzera kontaketa hasi da, udaletxe zaharrean adierazitako lez, eta Aretxabaletako ibilbidearen lekuko banaketa ere egina dago; Mecako biribilgunetik Ederlan aurrealderainoko tartean hamabost lekuko aldaketa izango dira.
Korrika Txikia, kaleak girotzera
Urtero lez, lekukoaren etorreraren bezperan, neska-mutikoak izango dira kale-bazterrak girotuko dituztenak. 10:30ean abiatuko da Korrika Txikia, Pausoka haur eskola albotik gaztetxoenekin, eta lehen itzulia Haur Hezkuntzakoek egingo dute; hona hemen ibilbidea eta lekuko aldaketak: Pausoka (2 urtekoak), Andramari (5 urtekoak), Izotz taberna (4 urtekoak) eta Kioskoa (3 urtekoak). Herriko Plazan bukatuko dute horiek guztiek eta bigarren itzulia hasiko dute Lehen Hezkuntzakoek: Herriko Plaza (5. eta 6. mailakoak), Pausoka (4. mailakoak), Arenaza altzari denda (3. mailakoak), Dagda (2. mailakoak), Durana kalea (1. mailakoak) eta Herriko Plazan bukaera. Mezua irakurriko dute orduan, Kurtzebarri institutuko balkoitik, eta kantuan eta dantzan eginda bukatu ekitaldia. Irakasleek jakinarazi dute ume zein heldu "gogotsu" daudela une horretarako.
Apirilaren 12an bertso afaria ere izango da, Lekaixoka bertso eskolak antolatuta. Unai Iturriaga eta Oihana Iguaran bertsolari ezagunak gerturatuko dira Uratz Alde elkartera (21:00). Txartelak oraindik salgai daude honako leku hauetan: Taberna Berri eta Urbaltz tabernetan eta Loramendi elkartean. Prezioa da 20 euro Loramendiko bazkideendako eta 22 euro gainerakoendako. Hori baino lehen, 18:15ean, dantzan egiteko aukera eskainiko dute; Leizarra musika eskolako Mikel Arcek gidatuta dantza plaza saioa izango da Herriko Plazan.
Lekukoari ongietorria Korrika Festak egingo dio hilaren 13an. Antolatutakoen artean daude umeendako jolasak, artisauen postuak, paella dastatzea eta taberna, eta kontzertuak iluntzean; Woods Strings, Jasan eta Txerrikumeak talde aretxabaletarrak elkartuko dira Pagaldaixeneko oholtzan.