Udaltzain postua betetzeko lehen pausoak

Mirari Altube Arrese 2019ko api. 2a, 14:39

Arkauterekin hitzarmena sinatuko du Udalak, eta, horrela, prozesua abian jarri; dena den, urtebete baino lehen ez da hasiko lanean. Udaltzainburua hautatzeko bidea, ostera, beste bat izango da eta aurrerago jarriko dute abian.

Astean argitaratu du Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean udaltzain postua betetzeko lehiaketa deia. Eta atzo, eguena, egindako ezohiko osoko bilkuran Arkauterekin hitzarmena sinatzea onartu zuen Udal Gobernuak, prozesua abian jartzeko. EH Bilduk ezezkoa eman zion, eurek egindako proposamena aintzat hartu ez dutela argudiatuta.

"Arkauterekin hitzarmena sinatzea erabaki dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko Udal gehienek egin duten lez", adierazi du Unai Elkoro alkateak, eta gaineratu: "Logikoena horixe da, prozesu guztia bere gain hartzen dutelako".

EH Bildu, ostera, ez dago erabaki horrekin ados; prozesua Udalaren bitartez egitea gura zuen eta horren gaineko proposamen bat egin ere egin zion Udal Gobernuari otsailean: "Udaltzainek bitartekaritza zerbitzua eskaintzea eta genero ikuspuntua txertatzea formakuntzan ziren gure arrazoi nagusiak Udalak bere gain har zezan. Baina bakarrik segurtasuna hartu dute kontuan erabakia hartzerakoan", adierazi du Ion Albizu bozeramaileak. Horregatik, ezezkoa eman zioten, atzo, hitzarmenari.

Urtebeteko prozesua

Martxo hasieran erretiratu zen Alberto Zillaurrenen lekua betetzera etorriko da udaltzain hori. Prozesuak luze joko du, nahiz eta orain jarri abian. "Pentsatzen dut irail ingururako hautatuko dutela, eta, ondoren, beste sei bat hilabetez trebakuntza jasoko du Arkauten bertan", dio Elkorok. Hain zuzen, urtebete baino lehen ez dela postu hori beteko adierazi du: "Martxo edo apiril ingururako, esango nuke. Eta, bien bitartean, moldatuko gara daudenekin".

Iazko urte bukaeran erretiroa hartu zuen Martin Garai udaltzainburuaren postua ere bete gura du Udalak, baina aurrerago izango da hori. "Beste kategoria bat dagokio postu horri eta beste prozesu bat izango da", argitu du alkateak.

Martxoaren 21ean, ere egin zuen osoko bilkura udalbatzak; Eskoriatzako Udalarekin bi hitzarmen sinatzea onartu zuten: batetik, nerabeen aisialdiaren gaineko ikerketaren bigarren faseari ekiteko; eta bestetik, bidegorrian komunak jartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak