Datorren eguenean, apirilaren 4an, jarriko da abian 21. Korrika eta lekukoak eskuz esku jardungo du hilaren 14an Gasteizera iritsi artean. Aretxabaletara egun horretan bertan, 04:27an, iritsiko da, baina girotze ekitaldiak aurretik hasiko dira.
Bertso afarirako txartelak salgai
Hurrengo zapaturako, apirilaren 6rako, mendi irteera antolatu dute Zaraia eta Murrukixo mendizale elkarteekin batera; 09:00etan abiatuko dira parrokia albotik eta familia giroan egiteko irteera izango da.
Apirilaren 10ean, eguaztenean, kantuan eginez girotuko dute pintxo pote eguna kantu-poteo taldekoek. Eta hilaren 12an, dantza plaza izango da lehenengo, Herriko Plazan, Leizarra musika eskolako dantza irakasleak gidatuta, eta ondoren, bertso afaria Uratz Alde elkartean Unai Iturriaga eta Oihana Iguaran bertsolari ezagunekin. Txartelak salgai daude oraindik –Loramendiko bazkideendako, 20 euro; gainerakoendako, 22 euro– leku hauetan: Taberna Barri eta Urbaltz tabernak eta Loramendi.
Korrika Festa, hilaren 13an
Apirilaren 13rako, ostera, Korrika Festa antolatu du batzordeak. "Asmoa da mural bat egitea kalean, eta, ondoren, umeendako jolasak izango dira. Eguerdi partean, paella egingo dute Pagaldaixena inguruan herritarrentzako", jakinarazi dute, eta gaineratu: "Artisau postuak ere jarri gura ditugu; hortaz, herriko artisauei dei egiten diegu Loramendira gerturatzeko izena ematera". Iluntze partean, kontzertuak izango dira herriko taldeen eskutik; Wood Strings eta Jasan taldeek jardungo dute, besteak beste, Pagaldaixenean.
Korrika batzordeak datorren astean egingo du kilometroen banaketa; hortaz, oraindik erosi ez dutenei lehenbailehen izena emateko eskatu diete.
Egitaraua
Apirilak 6
• Mendi buelta Murura, parrokiatik irtenda (09:00).
Apirilak 10
• Kantu pintxo potea herriko tabernatan.
Apirilak 12
• Korrika Txikia ikastetxeetako neskamutikoekin, goizean.
• Dantza plaza gidatua Herriko Plazan (18:15).
• Bertso afaria Unai Iturriaga eta Oihana Iguaranekin, Uratz Alde elkartean (21:00).
Apirilak 13
• Korrika Festa kaleetan eta Pagaldaixenean:
- Mural margotzea.
- Jolasak umeendako.
- Paella-jana eta taberna.
- Kontzertuak: Wood Strings, Jasan eta Txerrikumeak.
- Korrikaren lekukoa pasatu ostean txokolate-jana.