Pistako Espainiako txapelketaren azken proba jokatuko du asteburuan Garazi Estebezek

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 30a, 10:05
Garazi Estebez Tolosako helmugan, joan den zapatuan. Argazkia: Josu Estevez.

Espainiako Koparen pistako azken proba jokatzera joan da txirrindulari aretxabaletarra Valentziara. Errepideko denboraldia ere ezin hobeto hasi du, joan den astean Tolosa Saria irabazi eta seigarren urtez jarraian izan da Gipuzkoako txapelduna.

Gipuzkoa Ogiberri taldeko txirrindulariak aurten, kategoria bat gorago dihardu, gazteen lehen mailan, hain zuzen ere, horrek dakarren zailtasunarekin; izan ere, 23 urtez azpikoen eta elite mailakoen inguruan ibiliko da. Asteburuko proba pistan bada ere, dagoeneko errepideko denboraldia hasi du, eta lau probatan izan da. 
 

Gipuzkoako txapelduna seigarren urtez jarraian

 
Lehenengoa Zaldibarren (Bizkaia) jokatu zuen: "72 kilometro ziren, elite mailakoekin batera hasieratik bukaeraraino, eta 103 ziklistatik 56ek bakarrik bukatu genuen; nik 40.ean, nire kategoriako bederatzigarrena izan nintzen", azaldu du aretxabaletarrak. 
 
Bigarrena Gorlako Igoera izan zen, Bergaran. "41,8 kilometroko ibilbidea genuen gazteok; guk irten eta handik gutxira elite eta 23 urtez azpikoekin bat egin genuen. Lasterketa horretan 76 parte-hartzaile izan ginen eta 56ek bukatu genuen. Nire mailako seigarrena izan nintzen, eta kategoria guztiak kontuan izanda lehen 25en artean sartzea lortu nuen", dio pozik.
 
Hirugarren lasterketa Tolosan jokatu zuten joan den zapatuan. "30 gazte ginen eta bederatzik bakarrik lortu genuen bukatzea. Euskalduna Txapelketarako puntuagarria zen, baina bazeuden beste bi sari ere gazteendako. Bata Gipuzkoako txapelduna izatea eta bestea, Meta bolanteak. Zorionez lauan jokatzen diren lasterketak ondo datozkit, eta guztia irabaztea lortu nuen", azaldu du eta gaineratu pozik: "Gainera, nire poztasunerako, aurtengoarekin seigarren urtez jarraian irabazi dut Gipuzkoako Txapelketa".
 
Tolosakoaren ondoren, domekan, Eibarko proba jokatu zuen. "Euskalduna Txapelketarako puntuagarria zen, eta Espainiako Kopako lehen lasterketa ere bai. 222 ziklistatik 56 ginen gazteak, baina 16ek bakarrik lortu genuen bukatzea. Ni hamabigarrena izan nintzen".
 
Hurrengo errepideko lasterketa apirilaren 6an izango du Nojan (Kantabria).

"Uste baino hobeto" lehen lasterketatan

Lau lasterketa horietan izandako sentsazioak onak izan direla dio eta gustura dago: "Arazo batzuk direla eta aurre-denboraldia behar nuena baino beranduago hasi nuen. Hala ere, pentsatzen nuena baino hobeto sentitu naiz", dio eta gaineratu du: "Pistan nire sentsazioek hobera egin arren errepidea erabat desberdina da, eta onartu behar dut beldurrez nengoela. Baina espero nuena baino hobeto nabil moldatzen, eta dagoeneko akats batzuk hobetu ditut lau lasterketa horietan". Eta denboraldi honetarako helburuetako bat ere bota du: "Espero dut denboraldi honetan esponja bat izatea eta gutxika txirrindulari on baten bihurtzea".

Ainhize Barrainkua taldekide

Gipuzkoa Ogi Berri taldean beste herrikide bat ere badu, Ainhize Barrainkua. Orain arte triatloian jardundakoak txirrindularitzara egin du salto, eta ondo baino hobeto moldatzen dela erakutsi; izan ere, martxoaren 16an Bergaran jokatu zen Gorlako Igoeran hamargarren postua eskuratu zuen 23 urtez azpiko kategorian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak