Miriam Urkia euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldia bihar, Aretxabaletan

Amaia Zabala 2019ko mar. 29a, 13:55

Miriam Urkia euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia eskainiko du bihar Aretxabaletan, Arkupe kultura etxeko Zaraia aretoan, 12:00etan, euskaltzain guztien, instituzioetako ordezkarien eta herritarren aurrean. Urkiak Torrealdairen lekua beteko du.

Miriam Urkia aretxabaletarra euskaltzain oso izendatu zuten Roberto Gonzalez de Viñasprerekin batera 2018ko otsailaren 23an, eta, urtebeteren ondoren, sarrera-hitzaldia eskainiko dute, nork bere jaioterrian.

Miriam Urkia aretxabaletarra izanik, bertan izango da sarrera-hitzaldi ekitaldia bihar, zapatua, 12:00etan, Arkupe kultura etxeko Zaraia aretoan.

Euskal Filologian doktorea da, UZEIko langilea 1983a ezkero, Lexikografia Saileko zuzendaria 1992a ezkero, eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoekin batera, Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide da 1999a ezkero eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013a ezkero. Euskararen Aholku Batzordeko kidea ere bada, 2007tik.

Hori dela eta, sarrera-hitzaldia hiztegiaren gainean izango dela aitortu du Urkiak: "Hori ezagu-tzen dut eta". Hiztegitik kofradiara izango da hitzaldiaren izenburua, eta, ohikoa den moduan, euskaltzain batek beste hitzaldi batekin erantzungo dio; Andoni Sagarna euskaltzain donostiarra izango da arduraduna eta Badator aire freskoa izeneko hitzaldiarekin erantzungo dio.

Horren ostean, Aretxabaletako euskaltzainak kargu berriaren zina egingo du eta diploma eta domina emango dizkiote. Euskaltzaindiaren esanetan, "euskararen alde orain arte egin dituen lanen esker erakutsiz eta gerokoen pizgarri" izan da hautatua lankidetzat Urkia.

Sarrera-hitzaldia

Urkiak gaineratu du "gogorra" izan dela sarrera-hitzaldia pres-tatzea, batez ere, Euskaltzaindiaren mendeurrena izanik, jardunaldi askoko urtea izan dela iritzita: "Ekitaldi ugari izan ditugu aurten; Arantzazuko jardunaldia eta dialektologia biltzarra, esaterako. Eta, ondorioz, gai askotan ibili naiz eta ezin izan naiz sarrera-hitzaldian nahi adina zentratu".

Urkiak 40 minutuko sarrera-hitzaldia prestatu du; horrela eskatu zioten, eta denbora errespetatu egingo duela azaldu du. Gainera, ekitaldi irekia izanik, guztiek ulertzeko moduko diskurtsoa izatea kontuan izan duela argitu du.

Urkiak aitortu du "polita bada ere ardura puntu bat" duela sarrera-hitzaldia herrian egiteak: "Oso polita da sarrera-hitzaldia nire herrian egitea, familiakoen eta lagunen aurrean. Gainera, orain, lanagatik, Donostian bizi naiz eta nahi baino gutxiago joaten naiz Aretxabaletara, batez ere, urte honetan, asteburuetan sarrera-hitzaldia prestatzen aritu bainaiz, eta faltan igarri dut herria. Dena den, aitortu behar dut sentsazio berezi bat eta aparteko ardura bat ere sortzen didala horrek".

Torrealdairen ordezkari

Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituaren lekua beteko du aretxabaletarrak, baina Urkiak argi esan du "Joan Mari ordezkatu ez, partekatu" egingo dutela 29. aulkia: "Joan Mari Torrealdai ordezkaezina da, eta, egia esan, haren merituak eta ibilbidea ikusita, txiki geratzen naiz haren ondoan. Gainera, Torrealdaik Euskaltzain izaten jarraituko du eta batzarretara ere joango da".

Ordezkaritza zabala ekitaldian

Biharko ekitaldia ageriko bilkura izango da; beraz, interesa duen edonor joan daiteke Arkupe kultura etxera.Euskaltzainei dagokienez, guztiak, euskaltzain osoak, ohorezkoak eta urgazleak joango dira sarrera-hitzaldira. Gipuzkoako instituzioei dagokienez, Batzar Nagusiko kide guztiak eta administrazio nagusietako ordezkari guztiak daude gonbidaturik, eta, Debagoienari dagokionez, berriz, Mankomunitateko eta udaletako ordezkaritza zabala izango da. Amaitzeko, Urkiaren UZEIko lankideak ere bertan izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak