Uzta oparoa eta "anitza" aurtengo Huhezineman

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mar. 19a, 12:01
Irati Elortondo oñatiarrak egin duen 'Agnés' filma. Argazkia: Huhezinema.

Apirilaren 2tik 5era egingo dute aurtengo hamabigarren Huhezinema jaialdia, Aretxabaletan dagoen MUko Ikus-entzunezko Fakultateak antolatuta; sail ofizialerako lanak aukeratu dituzte, eta berrikuntzak ekarriko dituen egitaraua borobiltzen ari dira.

Hamabigarrena estreinatzeko atzera kontaketan daude MUko Ikus-entzunezko hirugarren mailako ikasle eta irakasleak. Pozik daude sail ofizialerako jaso duten film laburren kopuruarekin eta kalitatearekin; euskarazko lanen eta emakumeek zuzendutakoen gorakada nabarmendu du jaialdiko antolatzaile taldeko Iban del Campok: "Euskarazkoak ohi baino gehiago eta kalitate hobeagokoak jaso ditugu; eta emakumeen presentzia ere nabarmena da, eta hori islatu nahi izan dugu aukeratu dugun hamarrekoan: sei euskarazkoak dira, eta bost film emakumeek zuzendutakoak".

Belaunaldi eta estilo nahasketa

Eskaintza zabala da alde askotatik begiratuta; zuzendariei buruz zera dio Del Campok: "Eskarmentua duten zinemagileak daude, eta aurtengo Kimuak katalogoko hiru lan ere bai: Josu Martinezen Ama, Sarrionandiaren istorioekin egindako film kolektiboko labur bat, Pello Gutierrezen Zain eta Maria Elorzaren Ancora lucciole; eta poztekoa da, eta seinale ona ere bai, Huheziko ikasle ohiek zuzendutakoak hiru lan ere badirela: Miren Mujikaren Shell Phone; Mikel Uralderen Minutuak eta Irati Elortondoren Agnès; horiez gainera, ezagutzen ez genituen egileenak ere badaude".

Generoari begiratuta, gehienek dramara jotzen dutela dio: "Istorio gogorrak dira, salbuespen moduan komedia beltzetik gertu dagoen Pello Gutierrezen Zain dago. Fikziozko lanak dira gehienak: klasikoak eta berritzaileagoak, eta apenas elkarrizketarik ez duenik ere bada... Sail ofizialean ez ezik, MUko ikasleen sailean eta Kutixi sailean ere harribitxi polit asko jaso ditugu".

Berrikuntzak egitarauan

Oinarrian aurreko aldietako egitura izango du jaialdiak, baina berrikuntzak izango direla aurreratu dute: "Arkupe kultura etxean eta Herriko Plazan izango dira ekitaldiak eta guztiontzako zabalik daude; baina aurten Huhezinema martxan izeneko atala sortu dugu, fakultatean burutuko dugu eta gure ikasleei bideratuta dago. Apirilaren 3an eta 4an arloko profesionalak gonbidatu ditugu gure ikasleen proiektuen bideragarritasuna aztertzen laguntzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak