Gora eta gora doa abonatu kopurua kiroldegian

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 12a, 08:30

Ibarra kiroldegiak 3.205 abonaturekin itxi zuen 2018a, orain arteko kopururik handienarekin, eta kirol jardueren parte-hartzaileenak ere %9 egin zuen gora sei hilabetetan, aurreko urtearekin alderatuta; autofinantzaketa, ostera, %90,6 izan zen.

Ibarra kiroldegiaren 2018ko datuen berri eman dute bertako ordezkariek, eta pozik agertu dira izandako bilakaerarekin. Izan ere, iazko urtea 3.205 abonaturekin bukatu zuten, 2013an zabaldu zutenetik izan duen kopururik handienarekin.

2017ko azaroan gainditu zuen 3.000 abonaturen muga kiroldegiak, eta 2018a bukatzerako 205 gehiago zituen. Horietatik %73,2 ziren aretxabaletarrak, %14,1 arrasatearrak, %5 eskoriatzarrak eta gainerakoak, beste herri batzuetakoak. 2015 eta 2018 bitartean, urtetik urtera batez besteko igoera %7,5koa izan dela adierazten dute datuek.

Kirol jardueretako erabiltzaileak ere gora

Kirol jardueren erabiltzaile kopuruak ere gora egin du. 2018- 2019 ikasturtea irailean hasi zuten, eta, oraindik beste sei hilabete geratzen badira ere, jakinarazi dute dagoeneko %9 egin duela gora aurreko ikasturtearekin alderatuta. Irail eta azaro arteko hiru hilabeteetan, gainera, 700 erabiltzaileren muga gainditu zuten. Hala, guztira, 137.555 erabiltzaile izan zituzten 2018an –datu horretan ez daude sartuta ikastetxeetakoen, Leintz eskola kirolekoen eta federatuen erabilerak–.  

Zerbitzu hori Athlon kooperatibak eskaintzen du eta oso pozik daudela haiekin jakinarazi dute Udal ordezkariek; horren adibide da beste bi urterako luzatu izana jardueren ardura. 

Diru balantzeari dagokionez, ostera, 799.298 euroko sarrerak izan zituen eta 882.534 euroko gastuak; hortaz, %90,6ko autofinantzaketa lortu zuen 2018an.

Domeka arratsaldetan zabalik

Kiroldegiaren ordutegia moldatzen joan dira, erabiltzaileen beharrak ase nahian. Hala, iaztik, 07:00etan zabaltzen dituzte bertako ateak, eta horrek, Aste Santuak arte iraungo du. Datorren denboraldiari begira, ostera, azaroaren 1ean hasiko dira domeka arratsaldetan zabaltzen. Aldiro egiten dituzten gogobetetasun inkestatan jasotako ekarpenei kasu eginda moldatu zuten ordutegia. Azken inkesten arabera gustura daudela erabiltzaileak kiroldegiarekin zein zerbitzuarekin adierazi du Kirol zinegotziak.

Fitness gela handitu

Aurten bi inbertsio egiteko asmoa du Udalak. Batetik, kantxako lurzoruarendako babesgarria erosi dute ekitaldi berezietan –bazkariak, ikuskizunak…– tapatu ahal izateko. Eta bestetik, fitness gela handitu gura dute, hainbat ordutan oso beteta izaten delako; 70.000 euro jarri dute horretarako eta hainbat aukera aztertzen dabiltza. Datarik ez dute zehaztu lanetarako, baina aurtengo ekitaldian izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak