Idoia Elexpuru omenduko dute domekan, Aresko Martxaren III. edizioan

Aitor Zuazabeitia 2019ko mar. 9a, 10:27

Idoia Elexpuru Ugarte Belar Meta dendan (Aretxabaleta)

Martxoaren 10ean egingo da Aresko saskibaloi taldeak hirugarrenez antolatu duen martxa. Kirolaren bueltan egindako lana aitortuko diote Aretxabaletako eta Eskoriatzako emakume banari; Idoia Elexpuru eta Lydia Garcia izango dira omenduak hain zuzen ere.

Aretxabaletan emango zaio hasiera Aresko martxaren III. edizio honi (11:45). Herriko Plazatik abiatuta Eskoriatzara joango da, bidegorritik, Fernando Eskoriatza plazaraino. Martxa honetan bi herrietako emakume bana omenduko dituzte, Lydia Garcia Ocon eskoriatzarra eta Idoia Elexpuru Ugarte aretxabaletarra.

Elexpuru, (Aretxabaleta, 1969) Arizmendi Kirol Elkarteko emakumezkoen futbol talde aitzindariko jokalaria izan zen 1980-1990 urteen artean, baina kirolaria izateaz gain kirolaren babeslea izan da. Herriko kirol taldeak eta bertan antolatu diren ekitaldien jarraitzaile sutsua izanda, beti egon da prest UDA, Arizmendi K.E. nahiz mendi elkarteei laguntza emateko.

Bestalde, antolatzaile lanetan jardun du hainbat eta hainbat kirol ekintzatan, besteak beste, Leintz Bailarako Txirrindularien Itzulian, San Silvestre eta Otala Zelaiko lasterketatan, eta baita Debagoienako Eskalatzaile Taldeak antolatutako txapelketatan. Ekintzailetasun eta parte-hartze hori saritzeko omenduko dute.

Omenaldia 11:45ean izango da, eta ondoren, 12:00etan, Aresko martxa irtengo da Aretxabaletako Herriko Plazatik Eskoriatzara bidean, eta hango plazan jai giroan emango diote bukaera ekitaldiari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak