Bosgarren Fun Dantz! lehiaketa etzi, Ibarran

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mar. 7a, 19:02
Iazko Fun Dantz! lehiaketako talde irabazlea.

Kaleko dantzen erakustaldia egingo dute Euskal Herriko dantzari trebeenetakoek, eta Debagoieneko ordezkariak ere izango dira; aurre-salmentako sarrera guztiak agortu egin dira, eta gordetako ehun txartelak leihatilan salduko dituzte etzi, zapatua, 5 eurotan.

Aretxabaletako Udalak eta BreakOnStage jaialdiak orain dela bost urte abiatu zuten Fun Dantz! kaleko dantzen lehiaketa. Jakinmina piztu zuen publikoaren artean, ez daude horrelako ekitaldi asko; eta dantzariei ere gustatu zitzaien, Bilboko jaialdi ezagunerako txartela lortzeko aukera dago-eta Aretxabaletakoan. Gaur egun "erreferente" bilakatu dela dio BreakOnStage jaialdiko kide Ander Garaizabalek: "Gero eta jaialdi gehiago egiten dira; dantzariek egutegi bat markatuta dute, eta Fun Dantz! garrantzitsuenen zerrendan dago".

Publikoaren aldetik ere erantzun ona ari dira jasotzen; horren erakusle da aurre-salmentako txartel guztiak agortu egin direla; hala ere, oraindik badira 100 gehiago: egunean leihatilan salduko dituzte 5 eurotan.

Lehiaketaz gainera, erakustaldia ere izango da; aurten Zaragozatik etorriko dira epaimahaikideen eskutik: "Kanpotik ekartzen ditugu, neutralak izateko. Eskarmentu handikoak dira Resistance Crew, Espainiako talde potentekoak: Marcos Pardo, dantza garaikidean aditua; Ruben Perez, urban dance eta break dance dantzetan aditua; eta Pitu, hip hop estiloan maisua. Bakarka eta estilo ezberdinetakoak egingo dituzte".

Debagoieneko 50 dantzari

Hamazortzi talde lehiatuko dira bi kategoriatan banatuta: 18:30ean, 15 urtetik beherakoak hasiko dira; eta 19:00etan, helduak. Aurten, lehiatzeko estiloa kaleko dantza da, eta bi kategorietan sari bera dute: Bilboko jaialdirako txartela eta dirutan oparia ere bai.

Zortzi talde izango dira lehenenengo multzoan, eta horien artean Bergarako Candem Town akademiako lau talde. Honela azaldu du Olmar Elejaga zuzendariak: "Bergarakoak dira gehienak, baina Aretxabaletakoak, Oñatikoak, Arrasatekoak eta Eskoriatzako ere badaude, eta baita Elgoibarko eta Eibarkoak ere; gehienbat, 10 eta 30 urte bitarteko neskak, baina helduen talde bat ere badugu. Iazkoa oso esperientzia polita izan zen".

Helduen artean puntako hamar talde izango direla gaineratu du Garaizabalek: "Polita dator, gero eta maila hobea dago".

Olmar Elejaga (Bergarako Candem Town dantza akademiako zuzendaria): "Presio barik, gozatzera goaz zapatuan"

Bergarako Candem Town akademiak prestatu dituen lau dantza taldek hartuko dute parte lehiaketan.

Zer prestatu duzue?

Oinarrian, kaleko dantzak dira guztiak, baina talde bakoitzak bere ezaugarriak ditu; adibidez, kabaret dantza ere erakutsiko du talde batek, eta 90eko hamarkadako dantzetatik hurbil dago beste bat.

Ze asmorekin zoazte?

Ondo pasatzera goaz, inolako presio barik.

Garrantzitsua da Fun Dantz! lehiaketa?

Primerakoa da. Eskertzen da horrelako erakustaldiak Debagoienean ere egitea.

Beste dantza lehiaketa batzuetara ere joaten zarete?

Bai; etzi, domeka, Orion izango gara, eta maiatzean Bilbon egingo duten The Zant lehiaketan, eta ondoren, Burgosen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak