Heteropatriarkatu kapitalistari planto! Bizitzak erdigunean! leloarekin deitutako greba deialdiko ekitaldietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Gaur, martxoak 7, Herriko Plaza inguruak apainduko dituzte eta argibideak eman ere bai, eta iluntzean (19:00) Irradaka dantza tailerra egingo dute. Udalak antolatuta, ostera, 7ak bat. Gaiztoetan gaiztoena komedia satirikoa eskainiko du ATX teatroak; 19:30ean izango da Arkupen.
Elkarretaratzea eta manifestazioa
Egun nagusia, baina, martxoaren 8a da. Musikak girotuko du 11:00az geroztik erdigunea eta argibideak ematen izango dira M8 Plataformako kideak. Bizitzak erdigunean! leloarekin elkarretaratzea egingo dute 12:00etan –gainerako herri guztietan lez– eta herritarrak horrekin bat egitera deitu dituzte.
Iluntzeko 19:00etan izango da beste une garrantzitsu bat. Manifestazioa egingo dute plazatik abiatuta, eta bukatutakoan, Jaiki taldearen dantza emanaldia izango da; dantzariei Eñaut Zubizarreta txelo-joleak egingo die lagun.
Kirolarekin emango diote bukaera egunari; UDAk antolatutako frontenis txapelketaren final-aurrekoak (20:00) eta finala jokatuko dira Iturrigorri pilotalekuan (21:30).
Domekan Aresko Martxa
Martxoaren 10ean, ostera, III. Aresko Martxa egingo dute Eskoriatza Kirol Elkarteko Aresko saskibaloi taldeak antolatuta. Martxa 12:00etan abiatuko da, oinez, Aretxabaletako Herriko Plazatik, eta Eskoriatzako plazan bukatu. Aretxabaletan, Idoia Elexpuru Ugarte omenduko dute, eta Eskoriatzan, Lydia Garcia Ocon.