Aratusteak pisu handia daukaten jaiak dira eta urtero-urtero ospatzen dituzte gogo biziz. Aurten ez da ezberdina izango eta urteroko desfilean parte hartuko duten kuadrillak azken prestaketak egiten arituko dira.
Egitarauari helduz, domekan dianaren soinuak alaituko ditu eguneko lehen orduak eta antolatu diren ekintzei emango die hasiera, 10:00etan. Beranduago, 11:45ean, 2000. urteko kintoek, ohitura den bezala, Txino dantza egingo dute kalean eta kuadrillen desfileari emango diote hasiera. Aurten, desfile "elegante bat" espero da, prestaketetarako denbora gehiago izan delako.
Desfilea amaitzean, 13:00etan, Gesaltza txarangak girotuko du bazkal aurreko poteoa, eta 14:30ean, udalak antolatutako herri bazkaria izango da Ibarra kiroldegian.
Txarangak gidatuko du jendea plazara 18:00etan, goizeko desfileko mozorro lehiaketako sari banaketara hain zuzen ere (18:45). Mozorro lehiaketa honetako epaimahaian besteak beste, Kepa Errasti aktorea eta Josune Murgoitio idazlea izango dira.
Mozorro onenak saritu ostean, 19:00etan, Santa Ageda neska-mutilek dantzatuko dute Herriko Plazan beste behin, azken aldiz aurtengoz; Kultura Sailetik orain arte izandako hauen jarrera ona aipatu dute.
Kintoen dantzaldiaren ostean, Mikel DJak girotuko du Herriko Plaza. Hortik aurrera herritarrek eta bertara hurbildu direnek hartuko dute jai egun honetako ospakizunaren lekukoa.
Aratuste-martitzena
Domeka gailentzen da Aretxabaletako aratusteen ospakizun egunen artean baina martitzenean, hilaren 5ean, ere bada zerekin gozatu. Goizeko 10:30ean hasita, herriko haurren koreografia emanaldia egingo da Herriko Plazan. Honi Irulitza txarangak emango dio jarraipena kalejira baten bitartez, eta amaieran, LHko ikasleek 2014an irabazle atera zen koreografia dantzatuko dute.
Arratsaldean, berriz, 16:00etan, Irulitza txaranga kalejiran arituko da, eta 18:00etan, buruhandiak batuko dira kalejira horretara.
Iluntzean, 20:00etan, Txin-en hileta ospatuko da Herriko Plazan, eta aurten, ekitaldi honen ostean, suzko zezena aterako da plazara gaztetxoek jolasean amaitu ditzaten aurtengo Aratusteak.