Martxoko lehen egunetan dator Ixadebalde azoka

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 26a, 07:57
Arropak gertu herriko denda baten aurrealdean Ixadebaldera eroateko.

Zazpi komertzio elkartuko dira oraingoan, eta, urtero lez, kalitate onak eta prezio ezin hobeek bat egingo dute mojen komentuan egubakoitzean eta zapatuan; udazken eta negu sasoiko generoarekin batera beste hainbat osagarri eskainiko dituztela iragarri dute.

Aretxarte merkatarien elkarteko hainbat kide Ixadebalde merkealdien azoka gertatzen dabiltza. Dagoeneko hamazortzigarrena izango da, eta martxoaren 1ean eta 2an elkartuko dira, mojen komentuan, azken edizioetan egin duten lez; egubakoitzean goizez (10:00-13:00) eta arratsaldez (16:30-20:30) izango dituzte ateak zabalik eta zapatuan, goizez bakarrik (10:00-14:30).

Arropak eta oinetakoak nagusi

Martxo hasierako egunok Aratuste bezpera direla jakinik ere, elkartuko diren zazpi merkatariek uste dute herritarrek harrera beroa egingo diotela azokari –Titare, Kilima, Tak, Belar Meta, Asensio, Haurrak eta Iber–. Batez ere, udazken eta negu sasoiko generoa eskainiko dute; izan ere, sei komertzio dira arropak eta oinetakoak dituztenak: "Saldu barik geratu diren arropak eta oinetakoak –bereziki, negukoa– izango dira, baina aurreko udako zerbait ere bai", diote. Horiekin batera, poltsak, zapiak eta bestelako osagarriak eroango dituzte, eta, Titareren kasuan, pijamak eta barruko arropak izango dira nagusi. Iberrek –oraindik ez jakin arren azokan egon ahal izango den–, ostera, jostailuak eskaini gura ditu: "Herrian jostailu-denda ere badugula erakutsi gura dugu, eta Gabonetan saldu ez dena prezio onean eskaini".

Bonuen zozketa

Bezeroak eskertze aldera, aurten ere izango dituzte saritxoak. 50 euroko zazpi bonu zozketatuko dituzte zapatuan, azokako ateak itxi aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak