Aretxabaletak 2-1 irabazi dio Mutriku taldeari

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko ots. 24a, 18:57
UDA taldeko Josu Arizmendiarrieta bigarren gola sartu duen unean.

Ohorezko Erregional mailako UDA taldea ari da poliki-poliki gorako bidea hartuaz; sailkapenean eragin zuzenik izan ez badu ere, taldeak konfiantza irabazteko oso baliagarriak dira gaur, domeka, arratsaldean Ibarra futbol zelaian eskuratu dituen hiru puntuak. Aretxabaletako taldea zazpigarren postuan dago orain, eta datorren astean Real Union aurkari zuzenaren etxean jokatuko du.

Taldeko entrenatzaile Sergio Santano gustura da taldeak egin duen lanarekin: "Segidan irabazi dugun bigarren partidua izan da, eta lasaiago gaude orain, atzeko postuetatik aldentzeko bidea hartu dugulakoan. Gaurkoa, partidu erosoa izan da guretzako; izan ere, lehen zatiko 10.minutuan sartu dugu gola –Josu Arizmendiarrietak– eta atsedenaldiaren aurretik kontrako penaltia jaso dugun arren, ez dute sartzerik lortu eta gol bateko aldearekin hasi dugu bigarren zatia. Ezaugarri antzerakoak izan ditu bigarrena; izan ere, 60. minutuan sartu dugu gure bigarrena, Arizmendiarrietak sartu du hori ere, sekulako gola izan da, eta Mutrikuk apenas sortu du jokaldi arriskutsurik. Egia da, baina, guk beste bi sartzeko aukera ere izan dugula. Partidua amaitzear zegoela, 93.minutuan, etorri da kanpokoen gola, hori ere sekulako gola izan da!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak