Txapel Txin eguna ospatuko da zapatuan

Aitor Zuazabeitia 2019ko ots. 20a, 17:35

Inauteriei ongi etorria emanez, zapatuan, hilaren 23an, Txapel Txin eguna ospatuko da Aretxabaletan. Jai egun gaztea da baina guztiz egonkortuta dagoena.

Jaien artean garrantzitsuenetarikoa den Inauteriei ongietorria emateko ospatzen da Txapel Txin 2007az geroztik.

Ordutik, herriko girora oso ondo egokitu den jai egun hau indarra hartzen joan da. Inauterietarako "beroketa" berrikuntza batzuekin dator aurten; goizean trikitilariek beharrean gurdi-musikatu batek girotuko ditu herriko kaleak, adibidez. Pregoia, bestalde, aldarrikatzailea izango da, Ibai Zangitu aretxabaletarraren esanetan, "sorpresaz betetakoa".

Zangituk azaldu bezala, urteak joan eta urteak etorri, egonkortzen joan den jaia da eta dagoeneko "zaila da Txapel Txin gabeko Aretxabaleta bat imajinatzea".

Torradak, pregoia eta mokadutxoa

Egitarauari helduz, 13:00etan kalejirarekin emango zaio hasiera Txapel Txin egunari. Arratsaldeko 17:30ak arte herri osoak giroaz gozatzeko aukera izango du kaleetan zehar eta hain zuzen aipatutako ordu horretan Zirkale kale-animazioaren antzerki-ikuskizunari emango zaio hasiera. Ikuskizunak ordu-erdi eta ordubete arteko iraupena izango du baina ez da tarteko atsedenik egongo, 18:00etan torrada lehiaketan parte hartuko dutenentzat behintzat, zortzi torrada eraman beharko dituztelako 17:30ak eta18:00ak bitartean (xehetasun gehiago Udalaren webgunean). Irabazleak 100 euro irabaziko ditu, bigarren sailkatuak 50 euro eta hirugarrenak, berriz, 30 euro. Sari banaketa hau arratsaldeko 19:00etan izango den pregoiaren ostean egingo da eta 19:15ean txistorra eta sagardoa hartu ahal izango ditu bertara hurbiltzen den edonork.

Honaino iristen da Txapel Txin eguneko egitaraua, baina jakina den bezala giroak kalean jarraituko du eta gauean Inauteriei itxaron ezinean daudenek ziur alaituko dutela tabernaren bat edo beste.

Amaitzeko, Txapel Txinek aurten eramango duen mozorroak misterio bat izaten jarraitzen du, Zangituk argi azaldu bezala: "Aretxabaletar Karnabalero onak badaki bere sekretua gordetzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak