Eroski supermerkatuaren eraikuntza aurrera doa

Aitor Zuazabeitia 2019ko ots. 19a, 08:01

Azbe izan zen eraikina berritzen langileak.

Uda garairako zabaltzea da asmoa, baina irekiera-data zehaztu gabe dago oraindik; orain momentuan, eraikina berritu eta konponketa batzuk egiten ari dira, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak lurrak garbitzeko baimena eman eta gero.

Joan den irailetik gauzak, itxuraz, askorik aldatu ez diren arren, proiektuak aurrera jarraitzen du, eta, irekitze datarik ez badago ere, ez da atzerapenik aurreikusten. Aretxabaletako Udalak jakinarazi du zelan dagoen Eroski berri horren proiektuaren gaur egungo egoera.

Proiektuak hiru zati

Unai Elkoro alkateak berak esan duenez, proiektuaren egoera hiru zatitan banatuta azaldu daiteke.

Lehenik eta behin, eraikina berritu eta konponketa batzuk egiten ari dira. Horretarako baimena hasiera batean lortu zuten, baina lur kutsatuak azaldu ziren eta ezin zuten lurzorua ukitu arazoa konpondu bitartean. Orain dela hiru aste lortu zuten lurra garbitzeko baimena Jaurlaritzako Ingurumen Sailetik, eta, hain zuzen ere, horretan aritu dira ordutik hona.

Bigarrenik, Eroskiren beraren barruko obrak egiteko baimenei dagokienez, gauza pare bat izan ezik beste guztia adostuta dago, eta Udalak adierazi du hori berehala konponduko den oztopo txiki bat besterik ez dela.

Autobus geltokia dagoen lekuan geratuko da eta espaloia berritu egingo dute

Azkenik, hirugarren puntu batean, proiektu horrek eskatzen dituen eraikinaren inguruko urbanizazio kontuak lotzea geratzen da. Hori da gordinen dagoen pausoa, orain dela oso gutxi aurkeztu baitute kontu horri dagokion dokumentazioa. Horren harira, eta jende askoren kezkari erantzunez, alkateak esan du autobus geltokia dagoen lekuan geratuko dela; hori bai, espaloiak berritu egingo direla aurreratu du, eta etorkizun hurbil batean egongo den Eroski supermerkatuaren atearen parean, bertara eramango duen zebra-bide bat egingo da. Zebrabide hori jartzearen eraginez, pare bat aparkaleku galduko dira, baina eraikin zaharrean bulegoak zeuden zati hori kendu izanak espazio gehiago zabaldu du, eta aparkaleku berriak egitea aukera bat izango litzateke.

Eroskik, berriz, 40-50 aparkaleku inguru eskainiko ditu, eraikinaren gainean eta barruan banatuta. Gaineko aparkalekuei dagokienez, komertziora iritsiko den igogailu bat jarriko dute. 

Biribilgune bat jartzekotan dira

Amaitzeko, eraikinaren alboan kokatutako irteeran biribilgune bat jartzekotan dira. Diputazioa arduratuko da horretaz, eta, lur eremu hori aspaldi eman bazitzaion ere, ez da ezer egin; horrek urbanizazio obrekin koordinatzeko emango duen aukera aprobetxatzen saiatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak