Laster hasiko dira futbol zelai berriaren lanak

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 14a, 13:10

Udalak mahai gainean dituen hainbat proiekturi helduko die datozen hilabeteetan eta lan asko izango dira herrian; otsailean bertan hasiko dituzte futbol zelai berriaren lanak kiroldegi aurreko berdegunean eta hainbat kaleren asfaltatze lanak ere badatoz.

Hurrengo hilabeteetan lan asko izango direla iragarri dute udal ordezkariek; izan ere, hainbat arrazoi direla eta, orain arte heldu ez dieten proiektu asko exekutatzeko asmoa dute.

Futbol zelaiaren lanak, hastear

Futbol zelai berriaren lanak hasiko dituzte lehenengo, hilabete bukaeran. Joan den astean esleitu zituzten eta laster sinatuko dute kontratua; Kataluniako Sports And Landscape enpresari eman diote horren ardura: "Lanak txukun egiten dituen enpresa da eta asfaltatzeko hemengoak hartzen ditu. Gainera, beherapen handia egin du, ia 100.000 euro; hortaz, ederto!", adierazi du Unai Elkoro alkateak.

Kaleak txukuntzen

Bestetik, asfaltatze lanak daude; hain zuzen ere, astean bertan esleitu dizkiote Provisa enpresari, eta laster hasiko dira Loramendi, Bizkaia eta Errekabarren kaleak berritzen. Azken horretan, gainera, Otaloratik mojen komentura bitartean dagoen zatian, espaloitxo bat egingo dute ezkerraldean, bi aldeetatik pasatu ahal izateko.

Herri barruko bidegorria egokitzeko lanak ere egingo dira, Santa Kurtz kalean. Kurtzebarri eskolako kantxatik ateratzea da horren helburuetako bat. Proiektua iaz egin zuten, baina horri hobekuntza batzuk egiteko asmoa daukate orain: "Egunotan adostuko ditugu aldaketa horiek, baina hasiera-datarik ez dute; laster izango delakoan gaude". Santa Kurtz kaleak behar gehiago ere badituela onartu du alkateak: "Ez dago batere egoera onean eta lehenbailehen heldu behar zaie hango saneamendu lanei".

Arrapala, lehenbailehen

Herriko Plazatik Santa Kurtz kalera igotzeko arrapalari ere asteotan helduko diote. Hala gura du, behintzat, alkateak. Horretarako, prozedura azkarra erabilita lizitatuko dituzte lanak datozen egunetan, hamar egunen bueltan esleitzeko. "Proiektua eginda dago eta ez da lan konplikatua, galdaragintzari dagokiona da, gehienbat, egitura metalikoa delako", eta gaineratu du: "Sei asteko lana izango dela dago zehaztuta, baina ez dut uste hainbeste beharko denik".

Komentuko aretoa

Mojen komentuko aretoaren zirriborroa ere esku artean izan dute udal ordezkariek: "Zirriborro hori ikusita, aldaketa batzuk egiteko eskatu genion", dio. Behin horiek sartutakoan onartuko dute proiektua, eta lanak esleitu gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak