Gertu daude herriko Santa Ageda neska-mutilak

Aitor Zuazabeitia 2019ko ots. 1a, 18:30

Aurtengo kintoek otsailaren 4an ekingo diote urteroko tradizioari, herriko auzoetan abesten. 2000n jaiotako gazteei, urteetan galtzen joan diren ohiturak erakutsi dizkiete Loramendi elkarteko hainbat kidek, horiek gal ez daitezen.

Bueltan izango dira dantzan Herriko Plazan domekero, arratsaldeko zazpietan, Aratuste egunera arte. Aurtengoa berezia izango da, XXI. mendeko lehen belaunaldiko neska-mutilek dantzatuko dute eta. Gainera, bost domekatan dantzatuko dute. Kinto batzuen esanetan, taldea handia izateak hainbat arazo ekarri ditu batera mugiarazteko eta koordinazio kontuetarako. "Esperotakoak baino traba gutxiago izan dira, edozelan ere", adierazi dute taldeko gazte batzuek.

Santa Ageda neska-mutilek otsailaren 4an ekingo diote baserriz baserri abesteari, goizetik arratsaldera arte.

Taldearen kopuruari erreparatuz, 73 izateak baserrietara abesten joateko hainbat taldetan banatzea ahalbidetuko die, baina hain ugari izatearen onena eta garrantzitsuena, dudarik gabe, sortu ahal izango duten giroa izango da.

Ohiturak berreskuratu nahian

Santa Ageda neska-mutilen taldeak bereziki eskertzen du Loramendi elkarteak emandako laguntza guztia eta urteetan zehar galtzen joan diren ohiturak azaltzea; besteak beste, herriko umeek Santa Ageda neskamutilekin dantza egitea, kopla berri batzuk ikastea eta hurritzmakilaren erabilera berreskuratzea abesteko orduan.

Udalaren lanari dagokionez, ezberdintasun txiki batzuk izan dituzte elkarren artean; izan ere, aurtengo kintadan, aurreko urteetan ez bezala edo gehiago nabarmenduz, gurasoek eta Udalak protagonismo handiagoa edukitzea nahi izan dute. Adibidez, San Juan bezperan hainbat gurasok pinua polea batzuekin jaso beharra zegoela eskatu zuten, segurtasun kontuengatik. Aretxabaletan, inguruko herrietan ez bezala, zuhaitzaren enborra hiru edo lau sokarekin lotuta eta burdinazko sardexka handi batzuekin altxatzen da. Ez da modurik seguruena, eta askotan erori da zuhaitza; batzuetan, norbaiten oinetara edo balkoiren batera. Edozelan ere, Santa Ageda neska-mutilen ustez, enborra polea bidez jasotzea taldearekiko mesfidantza edo gurasoen partetik sortu den gehiegizko kezka kontu bat izanik, proposamena baztertua izan zen lehen unetik; azken finean, hor baitago erronka. Kontuak kontu, eztabaida bertan behera geratu zen, eta bi aldeak pozik daude.

Santa Ageda eguna iristear da eta prestaketak amaitzen ari dira; urtero gogo biziz ospatzen duten egun horren zain daude kintoak eta herriko gainerako bizilagunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak