"Herriko emakume guztiei dago zabalik plataforma, guztion artean hausnartu gura dugulako greba deialdia, eta ekitaldiak" antolatu, jakinarazi dute antolatzaileek, eta gaineratu: "2018ko Martxoaren 8a inflexio-puntua izan da mugimendu feministan. Aurten, aldiz, garrantzitsua izango da, mugarri hori kasualitatea ez dela erakusteko eta ideiak finkatzen joateko, baita grebaren zentzua barneratzeko eta aldarrikapenak erdigunean jartzeko ere".
Aurtengo grebaren helburua da alor sozioekonomikoa eta, bereziki, zaintzen gatazka azaleratzea ekintzen bitartez. Hala, greba izango da zaintzan, enpleguan, ikasleen artean eta pentsiodunen artean, baita kontsumo greba ere. Hori zelan garatuko den ere zehaztuta dago: lantoki eta ikasgeletan greba eginda; egingo diren mobilizazioetan parte hartuta; zaintza-lanak egin barik eta hori erakusteko amantalak balkoietan zintzilikatuta; norberaren arloan greba antolatuta eta zabalduta; eta besoko morea eta paparrean txapa jarrita aldarrikapenarekin bat egiten dela adierazteko.