Aratuste usaina igartzen hasi da Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2019ko urt. 25a, 08:10

Martxoaren 3an ospatuko diren Aratusteak antolatzen hasita dago Karnabalen Batzordea, eta, herriko kuadrillak ere gertatze lanetan has daitezen, mozorroak prestatzeko lokala zehaztu dute; iaz lez, industrialdean dagoen C pabiloia izango da. Bertako giltza , otsailaren 1etik aurrera hartu ahal izango da, Arkupen. Aratuste-domekako herri bazkarirako txartelak, ostera, otsailaren 2an jarriko dituzte salgai.

Kanabalen Batzordeak eguaztenean egindako bileran lokalaren erabilera arauak zehaztu zituen. Hara sartzeko giltza Arkupe kultura etxeko harreran eskatu ahal izango da otsailaren 1etik aurrera, 20 euroko fidantza ordainduta –giltza bueltatzean itzultzeko–. Erabiltzaileek hainbat konpromiso hartu beharko dituzte orduan. Hona hemen garrantzitsuenetako batzuk: talde bakoitzak arduradun bat izango du, konpromiso dokumentua sinatuko du horrek, eta berea izango da taldekideek egiten dutenaren erantzukizuna; giltza arduradunari emango diote, eta debekatuta dago kopiak ateratzea; adin txikikoen kasuan, ardura heldu batek izango du eta horrek sinatuko du konpromiso dokumentua; gainera, lokalean bertan egon beharko du gaztetxoekin. Talde bakoitzak bere tresnak eta materiala eramango ditu, eta lan jarduna bukatzean garbi eta txukun utzi beharko du guztia; eta gauez ezingo da erabili lokala. 

Herri bazkarirako txartelak

Aratuste-domekako herri bazkarirako txartelak otsailaren 2an, zapatua, jarriko dituzte salgai, Arkupen, 09:00etan; kiroldegian izango da bazkari hori eta 640 lagunendako lekua dago.

Aurreko urteetan lez, kuadrillaka eman beharko da izena, eta bi menu egongo dira: helduena 17 eurotan eta umeena 13 eurotan. 12 urtetik gorakoek jateko izango dute patatak errioxar erara, saiheski errea eta txokolatezko browniea izozkiarekin. Eta umeek makarroiak tomatearekin, txahal-hanburgesa patatekin eta txokolatezko pasteltxoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak