Hona hemen adierazpena osorik:
"Konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea da, etorkizunari begira jartzeko unea. Horretarako iraganetik datozen oinaze eta minak sendatzea ezinbestekoa da. Sufrimendua pairatu eta pairatzen duten guztiek merezi dute egoera honekin amaitzea. Guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa.
Horretarako ordean, bada oraindik ere askatu beharreko korapiloa: espetxe politikarena. Presoa ez ezik senideak ere, eta era mingarrienean haur eta adin nagusiko pertsonak, zigortzen dituen espetxe politika. Giza eskubideez hitz egiten ari gara.
Askatze bide honetan, ondorengoak dira lehentasunez konpondu beharreko
egoerak:
- Urrunketa. Astebururo ehundaka senidek ehundaka kilometro egitera behartzen dituena.
- Larriki gaixo dauden presoak. Osasun eskubidea eta beharrezko arreta medikoa jaso behar dute.
- Bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa.
- Lehen graduaren aldaketa. Euskaldun izateagatik ezartzen zaien baldintza honek eskubideak are gehiago murrizten ditu.
Aretxabaletan badugu Garikoitz Gartzia Arrieta presoa, gaur egun etxetik 630km-tara dagoena, Valentzian hain zuzen.
Espetxe politika hau iraganean kateatuta dago eta ez-ohiko lege batean oinarritzen da. Guk etorkizunera begira jartzeko garaia dela uste dugu. Ez dugu sufrimendu gehiago sortzen duen politikarik nahi. Elkarbizitzari eta bakeari ateak zabaldu nahi dizkiogu. Eta horrela, korapiloak askatzeko, elkarbizitzarako, batu ezin izan garenok batzeko unea da".