Hiru sarekada egin dituzte hiru astean

Imanol Beloki Unamuno 2018ko abe. 14a, 08:55
Azaroaren 16an Arlutz tabernan egindako sarekada.

Aretxabaletako Udaleko Prebentzio Sailak eskutitz bat bidali zion Ertzaintzari, eta orain arte hartu diren neurriak honako hauek izan dira: hiru astean, hiru sarekada. Haizea, Ezkutu eta Arlutz tabernetan izan dira, eta hainbat isun jarri dituzte horietan.

Hiru astean hiru sarekada egin ditu Ertzaintzak Aretxabaletako hiru tabernatan: azaroaren 3an Haizean, azaroaren 10ean Ezkutun eta, azkena, azaroaren 16an Arlutzen.

Aretxabaletako Udaleko Prebentzio Sailak Ertzaintzara bidalitako eskutitz baten ondorioz hartutako neurriak izan direla adierazi du Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak. "Presentzia polizial gehiago egoteko eskatuz, eskutitza bidali genuen Ertzaintzara, baina hartu diren neurriak, pertsonalki, ez dut uste egokienak izan direnik. Herrian komentatzen da zerbait egin beharra dagoela, baina ez dakit bidea hori denik. Kexa formalik ez dugu jaso, baina badakit hainbat herritar porra egiten aritu direla, hurrengo sarekada zein tabernatan egingo zuten…", adierazi du Elkorok. Hala ere, herrian dagoen inpunitatea bukatu beharra dagoela gaineratu du alkateak: "Identifikatuago izan behar ditu Ertzaintzak, eta ausazko sarekada horiek sustotxoren bat emateko balio dute, baina, egun batzuk pasata, jendea ahaztu egiten da".

Harridura herritarren artean

Ez dira hain ohikoak halako esku-hartzeak herrian, eta, sarekada egin zuten taberna bateko jabearen esanetan, harrituta daude Ertzaintzak hain denbora gutxian hiru sarekada egin izanaz: "Bezeroentzat ez da batere atsegina sarekada baten egotea. Izan ere, 6 edo 7 patruila, 10 edo 12 ertzain etortzea, taberna eta bezeroak miatzen hastea, nortasun agiriak eskatzea… Egoera hori desatsegina da, eta horrek herriko giroan eragiten du. Sarekada izango den beldur, tabernetara ez da egun batzuez inor arrimatzen, nahiz eta hori aldatzen joaten den poliki-poliki. Dena behar bezala badago, ez da ezer gertatzen, baina izan litezkeen eta izan diren isunak gogorrak izan ohi dira…".

Tabernan zeuden hainbati isuna

Ertzaintzaren Segurtasun Sailak adierazi duenez, droga aurkitzean, delitua leporatu edo salaketa administratiboa jarri daiteke. Hala, hauek izan ziren jarritako isunak, denak ere administratiboak: "Haizean, hiru salaketa jarri ziren: bi bezerori, droga gainean eramateagatik, eta jabeari, droga kontsumitzea toleratzeagatik. Ezkutun, lau salaketa izan ziren; lau bezerok kontsumo propiorako zituzten drogengatik. Azkenengoan, Arlutzen, bertan zeuden hamalau pertsona identifikatuak izan ziren, baina ez zen isunik izan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak